Herriarteko bertsolari txapelketak larunbatean izango du bukaera-festa
Azpeitian izango da finaleko saioa, Am...ona! (Amasa-Villabona) eta Karidadeko benta (Asteasu eta Zizurkil) ariko direlarik
DV
Miércoles, 24 de mayo 2017, 07:13
Gipuzkoako Herriarteko finala jokatuko da larunbat arratsaldean, 17:30ean, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Am...ona! (Amasa-Villabona) eta Karidadeko benta (Asteasu eta Zizurkil) taldeak ariko dira aurrez aurre larunbat honetan Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatuko den Gipuzkoako Herriarteko finalean. Haritz Mujika, Joseba Otaegi eta Unai Mendizabal Karidadeko Bentako bertsolariak dira. Beñat Iguaran, Amaia Agirre, Oihana Iguaran eta Ander Goikoetxea, berriz, Am...ona! taldekoak.
Iñaki Otaegi (Am...ona!) eta Gurutze Oiarzabalek (Erniarraitz 1) egingo dituzte aurkezle lanak. Igotz Alkorta (Karidadeko benta) izango da saioko gai jartzailea.
Saioa bost epailek baloratuko dute: Oihana Aranguren (Erniarraitz 1, Azpeitia) eta Jon Ormazabal (Karidadeko Benta), Haritz Garin (Am...ona!), Alazne Arrillaga (Sarri nahi genuen eta Habana etorri zaigu, Orio), Unai Muniain (Hitza ote hitza, Zarautz).
Ondorengo ariketak egin beharko dituzte bertsolariek: taldeko agurra (gehienez 5 minutukoa); ofizioa 8ko handian, 3na bertso (talde bakoitzeko batek); ofizioa 8ko txikian, 3na bertso (talde bakoitzeko batek); ofizioa 6 puntuko motzean, 3na bertso (talde bakoitzeko batek); 3 puntu erantzun (talde bakoitzeko batek); bakarka gaia emanda 3 bertso (talde bakoitzeko batek); segidillan librean minutu bateko 3na txanda (talde bakoitzeko batek); talde bakoitzari beste taldekoi kantatzeko gaia jarriko zaie, beste taldekoek erantzun egin beharko dute; ondoren alderantziz; bukatzeko, kartzelako lana: taldean egoera bat proposatuta koplatan, 4na kopla osatu arte.
Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude salgai. Baita ere Azpeitiko San Agustin Kulturgunean, Villabonako Amasa kafetegian, Zizurkilgo Iriarte tabernan eta Asteasuko Iturri-Ondo tabernan.
Saioaren ostean Sanagustin kulturgunean herri afaria egingo da parte-hartzaile guztiekin.
Otsailaren 3an hasi zen Gipuzkoako Herriartekoa. Guztira 38 taldek hartu dute parte lehen fasean, eta sei astez 38 saio egin ondoren 12 talde pasa ziren bigarren fasera. Bigarren fasetik lau talde igaro ziren Alegian eta Bergaran izandako finalaurrekoetara. Lehen finalaurrekoan, Erniarraitz 1 (Azpeitia) eta Karidadeko Benta (Asteasu eta Zizurkil) aritu ziren. Bigarrenean, berriz, Osinalde (Gabiria) eta Am...ona! (Amasa-Villabona) taldeak izan ziren aurrez aurre.
Herriartekoarekin, Gipuzkoako bertso mugimendua bultzatu, indarberritu eta ikusarazi nahi izan du Bertsozale Elkarteak.