Diario Vasco

Gora Txirrita! Behera Txirrita!

Obrako pasarte batzuk sagardotegian gertatzen dira, entsegu bateko argazki honetan ikus daitekeenez.
Obrako pasarte batzuk sagardotegian gertatzen dira, entsegu bateko argazki honetan ikus daitekeenez. / SAROBE ARTE ESZENIKO GUNEA
  • Fartsako tonuan Txirritari egiten zaion epaiketa da antzezlana. Larunbatean Donostian eskainiko da, eta 23an Urnietan

  • 80ko hamarkada hasieran Xabier Letek idatzitako 'Gabon Txirrita' taularatuko dute berriz ere urnietarrek

Xabier Lete zenaren 'Gabon Txirrita' antzezlana berriz taulara eramango dute Urnietako herritar batzuek Donostian eta Urnietan, Donostia 2016 eta Urnietako Udalaren lankidetzari esker. Donostiako emanaldia larunbat honetan izango da, Trinitate Enperan-tzan, eta Urnietakoa hilaren 23an kiroldegian. Donostiarako sarrera denak salduta daude. 1982an, orain dela 34 urte, taularatu zen azken aldiz, Eusko Jaurlaritzak abian jarritako 'Herriz herri' zirkuituaren barruan.

Jose Manuel Lujanbio 'Txirrita' bertsolariari egiten zaion epaiketa umoretsua, fartsa tankerakoa, irudikatzen da antzezlanean. Letek Iparraldeko asto-lasterren eredua hartu zuen oinarri moduan. Azken batean, Txirritari ez ezik, tradizioari ere egiten zaio epaiketa. Kontuan izan behar da Txirritaren bertso ba-tzuk eztabaidagarriak direla giza-eskubideen ikuspegitik begiratuta; adibidez, emakumeei eta ijitoi buruzko zenbait. «Baina azkenean Letek aurkezten diguna gizon bat da», adierazi du Xabi Payak, Donostia 2016ren kultur programaren zuzendariak.

Testiguen artean zatiketa handia Kontuan izan behar da 1936an hil zela Txirrita, eta bertso batean esan zuela laurogei urte pasata ere izango zirela «bere aipamenak». Hain zuzen ere, ekainean bete ziren 80 urteak. Halaber, Payak adierazi du Donostia 2016an Shakespeare omendu dela, laster beste hainbeste egingo dela Cervantesekin, eta Txirrita ere kultur ondare handia dela.

Urnietako alkateak, Mikel Pagolak, eskerrak eman dizkie Donostia2016ri, lanerako gonbita egiteagatik, eta gogorarazi du herri hau antzerki aldetik erreferente handia izan zela 1960ko eta 70ko hamarkadetan.

Duela urte gutxi batzuk, Joxan Goikoetxea musikariak eman zuen lehenbiziko pausoa 'Gabon Txirrita' berpiztu zedin. Donostia2016ra jo zuen eskaera egiteko, Leteren laguntzaile musikala ez ezik, haren adiskide handia izan baitzen. Oraingoan bera arduratu da musikaren arloaz, eta eutsi egingo dio Letek garai hartan egindako eskemari. Batez ere bertso-doinu zaharrak entzungo dira.

Miren Gojenola eta Mikel Laskurain jardun dira aktoreen zuzendari gisa. Aktore denak amateurrak dira, «baina kalitate handikoak», Gojenolak azaldu duenez. Bada salbuespen bat, Jose Mari Berasategi. «Esan genion etorri eta parte hartzeko, Lurdes Iriondoren iloba baita», gaineratu du Gojenolak. Duela 34 urte Bartolo Orkaizagirrek egin zuen Txirritaren papera, oraingoan ezin izan du, lanak ez diolako uzten, eta Haritz Zubillaga hartu du tokia. «Oso fidelak izan gara Leteren testuarekiko. Hala ere, proiektua aurkeztu genuenean emakume askok eman zuenez izena, protagonista femenino gehixeago sortu ditugu», esan du Gojenolak. Adibidez, epailearena emakume batek egingo du orain.

Bartolo Orkaizagirrek esan duenez, Letek lehenbizi nahi izan zuen urnietarrek 'Altzateko jauna' an- tzeztea -Pio Barojaren izen bereko liburuan oinarritua-, baina hura ez zen aurrera atera, zentsura zela eta. Orduan Letek 'Gabon Txirrita'-rekin erakarri zituen Urnietako gazteak. Orkaizagirre 22 urteko gaztea zen orduan.

Bada aktore bat, bakarra, hasierako bertsio hartan eta oraingoan lan egingo duena: Jokin Izagirre. Orain ere Txirritaren defentsorearen papera hartu du bere gain. «Urte hasiera aldera deitu zidaten, eta kristoren beldurra sartu zitzaidan», esan du. Gogoan du hemezortzi aldiz eskaini zela antzerki-lana «Barakaldotik Errenteriaraino. Lau foku erosi genituen eta emanaldi bakoitzeko 30.000 pezeta ematen ziguten. Arropak alokairuan hartzen genituen. Arrakasta handia izan genuen. Xabier Lete oso esijentea zen, eta bazituen jenio txarreko boladak ere. Berarekin asko ikasi genuen».

Antzezpenak berak ordu eta erdi iraungo du, baina gehigarri batzuk ere izango direnez, hala nola bertsolariak eta dantzariak, azkenean bi orduko ikuskizuna izango da.

Atxagarena, abenduan

Bestalde, abenduan beste 'Gabon Txirrita' bat taularatuko da, baina hau oso ezberdina, Bernardo Atxagak egindako moldapen berria, «apustu abangoardista», Donostia 2016ko Xabi Payak adierazi duenez. «Atxaga hautatu genuen, besteak beste, harreman handia izan zuelako Leterekin, Asteasukoa izanik ederki ezagutzen duelako bertsolaritzaren tradizioa, eta gainera hasiera-hasieran antzerkia idatzi zuelako, eta kritika batzuk ere egin zituen».

Moldapen berri honetan, Txirrita ez ezik, Lete eta Lourdes Iriondo ere protagonista moduan azaltzen dira, edo iradokitzen dira behintzat.