«Euskal inprobisazioaren eredua ari dira inportatzen Balear Uharteetan»
Josep Vicent Frechina, Herrialde Katalanetako kantu inprobisatuan aditua, Donostiako Miramar jauregian izan da aste honetan, ‘Europa bat-batean’ jardunaldietan
PPLL
Sábado, 16 de julio 2016, 10:01
Josep Vicent Frechina (Massalfassar, Valentzia, 1966) Caramella aldizkariaren zuzendaria da, herri-musika eta herri-kulturako beste adierazpideei buruzko hedabidea. Gainera Pensar en vers, Mediterraneo aldeko kantu inprobisatuari buruzko liburua plazaratu zuen orain bi urte. Donostiako Miramar jauregian izan da aste honetan, Europa bat-batean jardunaldietan, Herrialde Katalanetako kantu inprobisatuaz jardun duelarik.
Esadazu gauza pare bat jardunaldiotan atentzioa eman dizutena.
Harritu egin nau bertsolaritzaren mugimenduak daukan indarrak. Lehen banekien zerbait kanpotik, eta orain, barrutik ikusi dudalarik, txundituta gelditu naiz. Ikusi dut berotasun handiz eta dena emanda lan egiten dela hemen, batez ere gazte jendeak. Eta, arlo teknikoari dagokionez, galestarren poesia erdi-inprobisatu hori ezagutu dut. Ez nekien existitzen zenik ere.
Oro har, alde handia ikusten duzu Euskal Herriko eta Herrialde Katalanen inprobisazioen artean?
Alderik handiena neurri sozialean dago, eta oihartzun sozialean. Arlo teknikoan ez dago hainbesterainoko alderik. Gaur egun, Balear Uharteetan, hemen bezalatsu inprobisa-tzen da: agertoki batean egiten da, gaiak proposatzen dira, ofiziotan egiten da Euskal Herriko euskal kulturan bertsolaritza oso presente dago, euskaldunek ondo ezagutzen dute; aldiz, katalanezko kantu inprobisatuak indarra du zenbait eskualdetan, eta beste batzuetan ez. Mallorca eta Menorcan eragin sozial dezentekoa dauka, Katalunian eta Valen-tzian ez hainbeste.
Beharbada, euskararen egoera agonikotik datorkio indarra bertsolaritzari. Katalan hizkuntzak, berriz,diotenez, egoera sozial hobea bizi du.
Euskal Herrian begien bistakoa da bertsolaritzaren oinarrian euskararen defentsa grinatsu bat dagoela. BECeko finalean horrenbesteko jendetza biltzen denean autoospakizun sentimendu handia egon ohi da.
Beraz, Balear Uharteetan dago indartsuen kantu inprobisatua? Esan duzunez, han Euskal Herrian bezalatsu egiten dute inprobisatzaileek: binaka jarduten dute ofiziotan, lehia dialektikoan.
Han, Balear Uharteetan, glosadorea oso-oso gutxitan aritzen da bakarrik. Ia beti beste norbaitekin egiten du, eta solasaldian edo lehian, aurrez gaia ematen zaielarik.
Gai-jartzailea ere egoten da?
Ez, hainbeste ez. Antolatzaileak gai batzuk proposatzen ditu, eta aurrera. Batzuetan publikoa bera da proposatzailea. Balear Uharteetara ez da iritsi hemengo espezializazioa. Hala ere, hango korronte berriak poliki-poliki euskal inprobisazioaren eredua inportatzen ari dira.
Balear Uharteetatik bi inprobisatzaile etorri dira jardunaldi honetara. Hango onenak dira?
Mateu Matas Xurí eta Maribel Servera etorri dira. Mateu da, gaurko egunean, glosadore ezagunena. Belaunaldi berri bat sortu da eta gaur egun 30 bat glosadore kontratatzen dira borrokaldietarako. Berak zubi-lana egin du: aspaldiko glosadoreengandik ikasi du eta korronte modernoetan integratu da. Pertsona giltzarria da gaur egun. Maribel, berriz, haziz eta haziz joan da, sekulako abiadan, eta bera ere giltzarria da. Dena dela, orain bi emakume ari dira soilik.
Esan duzu 30 glosadore ari direla Balear Uharteetan. Eta Herrialde Katalan guztietan?
Zaila da esaten. Gainera era askotako inprobisazioak daude. Guztira 200 bat lagun egongo dira.
Hemen, adin ezberdinetako bertsolariek elkar ezagutu dute eta belaunaldien arteko transmisio egokia gertatu da. Han zer moduz joan dira gauzak alde horretatik?
Mateu Xurí agertu zenean, gainerako glosadoreak adintsuak ziren. Hiru bazeuden, oso ezagunak, nahiko zaharrak zeudenak, eta haietako batek esan omen zion: eskerrak agertu zaren, orain erretiratzeko moduan gara. Besoak zabalik hartu zuten Mateu Xurí, ikusi baitzuten transmisioa ez zela etengo. Katalunian, berriz, ia-ia eten zen, izan ere sortu diren korronte berri indartsu horiek corrandista bakar bat izan dute erreferentzia moduan: Carolino. Huraxe baitzen corranda direlakoak era tradizionalean egiten zituen bakarra. Valentzian transmisioa ez da eten, aurrera darrai tradizioak. Versadore gutxi daude, gaur egun hamar egongo dira, eta denak lehengo versadore haien jarraitzaile dira, nolabait esateko. Ez dago versadore-eskolarik, transmisio guztia ahoz egin da.
Eta bestela, ba al dago inprobisatuz kantatzen ikasteko eskolarik?
Badago glosa-eskola bat, udakoa, Katalunian, eta badaude han eta hemen tailerrak, etenik gabeak gainera.
Publikoak zer estimatzen du gehien, lehia dialektikoa, controversia esan oi zaiona?
Alde horretatik, ereduak oso desberdinak dira lurraldearen arabera. Kataluniako hegoaldean, Ebrotik beherako eskualdeetan, eta Valen-tzian, kantu inprobisatua errondatan egiten da. Horrelakoetan, ia inoiz ez dago dialektikarik edo lehiarik. Kantatzen duena, norbait goratzeko kantatzen du, edota zerbait kritikatzeko. Normalean, lagun bakar bat ibiltzen da lanean, eta bi joaten badira ez dira dialektikan hasten. Katalunian eta Balear Uharteetan, berriz, jendeak nahi duena lehia da, dialektika.
Emakumeak guztiz integratu dira?
Korronte berrietako kantu inprobisatuan bai. Eta gainera gehiengo dira. Valentzian, berriz, ez dago emakume inprobisatzaile bat bera ere. Kantarien artean, hala ere, emakume asko ditu. Izan ere, Valentzian bi protagonista ditugu: versadoreak bertsoak pentsatzen ditu eta belarrira esaten dizkio aldameneko kantariari. Kantari emakumeak, berriz, asko dira, seguru asko gizonezkoak baino ugariago dira.
«Korronte berriak» diozunean, zertaz ari zara?
Tradiziozko kantagintza ia-ia desagertu egin zen Katalunian, eta azken urteotan birsortu eta berrasmatu egin da. Horri esaten diot «korronte berriak». Jende gaztea da, oso hiritarra, kantu inprobisatua kontzerturen batean edo tailerren batean deskubritu eta orain praktikara eramaten ari dena. Jende gazte hau ez da bere eskualdeko kantu mota horretara mugatzen, Herrialde Katalanetako mota guztiak hartzen ditu.
Sariketa handirik ba al dago?
Bat, Empordá-ko Espolla herrian egiten dena. Topaketa esaten diote, baina lehiaketa da. Alde hartan bada nyacra izeneko kantu inprobisatua, eta lehiaketa hartan errege edo erregina izendatzen dute, koroa jartzen zaiolarik buruan. Koroan maskor batzuk izaten dira, katalanez nyacra maskorrari esaten baitzaio.
Salaketa sozialik izaten al da?
Handia, batez ere korronte berrietako kideen aldetik. Normalean, hizkuntza aldetik oso jende kon-tzientziatua izaten da, eta politikoki subirautzaren aldekoak izan ohi dira. Sistemaren kontrako eta oraingo egoera politikoaren kontrako gaiak askotan azaltzen dira kantuotan. Formatu tradizionaletako saioetan askoz gutxiago, adibidez Ebroko jotetan.