Iñaxi Etxabe zumaiarrak jantziko dio txapela irabazleari
Abenduaren 19an jokatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finaleko xehetasunak aurkeztu dituzte
dv
Jueves, 10 de diciembre 2015, 13:26
74 bertsolaritik 8ra; maiatzaren 7tik abenduaren 19ra; herri herri ibiltzetik oholtza bakar batera begira jartzera Bide horixe gogoratu du etzi zortzi Donostiako Ilunben jokatuko den Gipuzkoako Txapelketaren Finala aurkezterakoan bide hori ekarri dute gogora Saroi Jauregik, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak, eta Edurne Soraluzek, Elkarteko koordinatzaileak. Haiekin batera izan dira Ilunben bertan egin den aurkezpenean finalera heldu diren zortzi bertsolariak.
«Urrun samar gelditzen da, baina maiatzaren 7an Gipuzkoa Bertsotan jarri genuen martxan, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapena fasea. Orduan 74 bertsolarik hasi zuten bide hori hurrengo astean ikusiko dugun finalaren beste hari muturra da. Hari mutur luze, fin, baina sendo batekin lotuta daude», esan du Jauregik. Onartu du alegia finaleko hitzordua inportantea dela, baina nabarmendu nahi izan du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa hori baino askoz gehiago dela.
Sailkapen fasea jokatu ondoren, irailaren 20an abiatu zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, 43 bertsolarirekin. Hiru hilabetez, 14 saio izan dira Gipuzkoan barrena eta azkenean zortzi dira finalera ailegatzea lortu duten bertsolariak: Agin Laburu (Astigarraga, 1985), Alaia Martin (Oiartzun, 1987), Arkaitz Oiartzabal (Oiartzun, 1985), Beñat Gaztelumendi (Donostia, 1987), Iñaki Apalategi (Beasain, 1982), Jon Maia (Urretxu, 1972), Oihana Iguaran (Amasa-Villabona, 1991) eta Unai Agirre (Hernani, 1975).
Plaza ukatu zitzaien emakumeak
Aurkezpenean aurreratu dute, halaber, nork jantziko dion txapela irabazleari. Inaxi Etxabe bertsolari zumaiarra hautatu dute, «plaza ukatu zaion emakume bertsolarien belaunaldi oso baten ordezkari gisa». 1933an Oikian (Zumaia) jaioa, gaur egun Zarautzen bizi da Inaxi Etxabe bertsolaria. Etxe giroan sortu zitzaion bertsozaletasuna, eta gazte-gaztetatik hasi zen bertsoak egiten. 50eko hamarkadan sari batzuk irabazi zituen. Hala ere, garaiko bertsolari emakumeen moduan, bertso jarduera ezin izan zuen plazetara eraman, gizonezkoen eremua baitzen. Urte asko pasako ziren Etxabe plazan kantatzeko aukera izan arte. Ezaguna da, Bertsozale Elkarteak banatu duen oharrean gogoratu duenez, Inaxi Etxabek Basarrirekin izan zuen ika-mika. Basarrik 'Aitonaren malkoek' izeneko bertsoak idatzi zituen, eta Etxaberi emakumeen inguruan esaten zituenak ez zitzaizkion batere gustatu. Hari erantzunez, bertso batzuk egin zizkion Basarriri.
Finalaren ezaugarriei dagokienez, protagonista nagusiak izango diren zortzi bertsolariez gain bi aurkezle izango dira (Saroi Jauregi eta Ion Zaldua), sei epaile (Eneritz Azkue, Elisa Iztueta, Maite Sukia, Zigor Leunda, Bakarne Urreaga eta Mikel Lersundi), hiru idazkari (Joxe Mari Altuna, Ane Errazkin eta Gorka Segurola) eta 100 inguru lagun bestelako lanetan.
Egin beharreko lanak honakoak izango dira: Binaka, gaia emanda, zortziko handian, hiruna bertso; binaka, gaia emanda, zortziko txikian, hiruna bertso; bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian, hiruna bertso; binaka, gaia emanda, hamarreko txikian, hiruna bertso eta, azkenik, kartzelako lana (bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso).
Lan horiek eginda puntuazio onena lortuko dutenak buruz burukora pasako dira, beste hiru lan burutu beharko dituztelarik: binaka, gaia emanda, puntutan, zortziko txikian, zortzi bertso osatu arte; binaka, gaia emanda, sei puntuko motzean, hiruna bertso, eta kartzelakoa.
Sarrerak www.bertsosarrerak.eus webgunean daude salgai eta, ohi bezala, Bertsozale Elkarteko bazkideek prezio berezia dute sarreran, 15 euro. Gaztetxoen sarrera 10 euroan da, eta gainerakoena 20 euroan.