Hondakinen bilketako langileak defendatu ditu Zestoako Udalak
K. ARRIZABALAGA
Sábado, 9 de agosto 2014, 00:06
EAJ/PNVk pasa den egunetan hondakin sistema berriaren balorazioarekin hedabideetan kaleratutako oharraren harira adierazpenak egin ditu Zestoako alkateorde den Ruben Alberdik, Zestoako udaleko Bilduren izenean. Sistemari buruzko balorazio sakonak irailean egingo dituztela adierazi du, «horretarako denbora etorriko da eta ez gara kontu horietan orain sartuko», dio. Izan ere, hondakin bilketa sistema berria martxan jarri eta hilabetera mahaia biltzekotan gelditu zen, sistemak zein akats zituen detektatu eta horiek zuzentzen joateko. Oraindik ez da bilera hori deitu, ordea, oporrak tarteko. Mankomunitateak ere hilabeteko epea gutxienez eskatu zuen bilketa sistema berriaren emaitzak eta datuak atera ahal izateko. Balorazioa, beraz, irailean egingo dute. Baina, EAJri erantzun nahi izan diote, «langileekin zuzenean sartu baitira» abertzaleen ustez. Izan ere langileen «goxotasun falta» eta herritarrei «presio eta mehatxuak» egin izana salatu dute jeltzaleek euren oharrean. Bilduk leporatu die langileen kontrako hitz horiek «aipamen hutsetan» utzi izana, «idatzi formalik edo adibiderik» eman gabe. Bilduk adierazi duenez, «langileek gai honekiko oso erantzun postitiboa» izan dutela ikusi dute, eta langileei etorri zaien lan gainkarga «oso ondo» eraman dutela ikusi dutela gaineratu dute. «Profesionaltasun osoz jokatu dute eta guk erabat babesten ditugu orain arte egindako lanean», adierazi du Alberdik.
Paella egunaren bilera
Irailean ospatzen ditugun Amabirjin jaietan, koadrilen egunean (larunbatean) izaten den herri bazkaria edo paellada antolatzeko bilera garrantzitsua izango da hurrengo asteartean, abuztuak 12, kultur etxean, gaueko 20:00etan. Paelladan parte hartu nahi duten koadrila guztietako norbaitek (arduradun bat gutxienez) nahita-nahiez azaldu beharko dute bilerara, bestela ez da aukerarik izango izena emateko.