Mintzodromoa, tailerrak eta beste hainbat ekimen Euskararen Eguna ospatzeko

Izagak eta Gomezek Euskararen Eguna aurkeztu zuten./DE LA HERA
Izagak eta Gomezek Euskararen Eguna aurkeztu zuten. / DE LA HERA

Datorren larunbatean 'Handia' pelikula eskainiko da Amaian, dohainik eta Jon Garaño zuzendariaren parte hartzearekin

JOANA OCHOTECOIRUN.

Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da abenduaren 3an eta, datorren aste honetan, ekimen ugari antolatu dira Irunen zita honen inguruan. Euskara ataleko ordezkariak, Josune Gomezek, Udal arlotik prestatutako jardueren berri eman zuen Euskara teknikaria den David Izagarekin batera. «Modu dibertigarri eta erabilgarri batean ospatu nahi dugu egun hau», esan zuen Josune Gomezek. «Gure helburua hizkuntza erabili eta mingaina astintzea da».

Aurtengo ekimen nabarmenena 'Handia' filmaren proiekzioa izango da: abenduraren 2an, datorren larunbatean, 20:00etatik aurrera, ikusi ahal izango da Amaia Kultur Zentroan, dohainik. Bertara joateko gonbidapenak Luis Marianoko Turismo Bulegoan eskuratu daitezke. Pertsona bakoitzak lau gonbidapen jaso ahalko ditu, gehienez. 'Handia' pelikula Donostiako Zinemaldian estreinatu zen eta, bertan, Irizar Saria eta Epaimahaiaren Saria irabazi zituen. Filmaren zuzendariak Aitor Arregi eta Jon Garaño dira, eta azken hau Irunen izango da datorren larunbatean 'Handia'ren proiekzioa aurkezteko.

Gazteei begira, bi Mintzodromo antolatu dira, azaroaren 29an eta abenduaren 1ean. Mendibil Merkataritza Guneko kafetegian egongo dira Toki Alai, San Vicente de Paul, Eguzkitza eta Hirubide eskoletako ikasleak solasaldian, 10:30etik 12:00etara.

Helduentzat ere Mintzodromo bat antolatu da, abenduaren 1ean: kasu honetan ekimena Sareuskak antolatu du, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Patzuergoak, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Euskal Herriko Elkargoak osa-tzen duten sareak. Ekimena Lesakako Harriondoa Kultur Etxean burutuko da eta bertara joateko autobus zerbitzu bat eskainiko zaie partaideei. Joan nahi dutenek izena eman behar dute www.irun.org/euskara web gunean, azaroak 28a arte. «Oso interesgarria izango da euskara desberdinak entzuteko aukera izango baita: lapurtera, goi nafarrera...», azaldu zuen David Izagak. Autobusa 9:00etan irtengo da Jenaro Etxeandia plazatik eta 12:30ean Lesakatik Irunera bidean.

Lesakan, partaide denek zenbait gaietaz hitz egin ahalko dute lauko taldeetan. Hiru gai proposatuko dira mintzagai gisa, eta saio bakoitza lagun ezberdinekin egingo da. Ekimenaren dinamizatzailea Joseba Olagarai kazetaria izango da eta euskal kulturako pertsonaia ezagunek parte hartuko dute: Joseba Irazoki musikaria, Mikel Taberna idazlea eta Julen Zelaieta eta Eneko Fernandez bertsolariak, besteak beste.

Datorren larunbat goizean haur eta familiei emango zaie protagonismoa, San Juan plazan burutuko diren ekimenen bitartez: 11:00etatik aurrera, Arrasateko Txatxilipurdi elkartearen laguntzarekin, Udalak haurrei zuzendutako tailerrak antolatu ditu. Gainera, 12:00etan, diskofesta bat ospatuko da. «Beharrezkoa iruditzen zaigu haur eta gaztetxoentzat aktibitateak presta-tzea», azaldu zuen Josune Gomezek. Igandean, abenduak 3 eta Euskararen Nazioarteko Eguna, udaletxeko balkoia modu berezian apainduko da eta txistulariek diana eskainiko dute hirian zehar.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos