Atez ateko hondakinen bilketako eztabaidatze eta erabakitze prozesua abian da Oiartzunen
EGARRIZ
Sábado, 14 de noviembre 2009, 02:53
DV. Udalak, San Markoseko Mankomunitateko ordezkariekin batera, atez ateko hondakinen gaikako bilketa aurkeztu zien herritarrei, asteazken iluntzean, udaletxeko pleno aretoan izan zen batzarrean, Udalak atez ateko hondakinen bilketaren aldeko apustua egin baitu.
Jordi Colomer teknikariak azaldu zuenez, «gaur egungo hondakinen kudeaketa sistemari irtenbidea emateko gakoa bilketan dago. Hau ondo eginez gero, ez da errauskailua bezalako tratamendu finalisten beharrik. Gaur egun, hiru gai edo frakzio birziklatzen dira (beira, papera-kartoia eta ontziak) eta materia organikoa, etxeko hondakinen %42, ez da birziklatzeko moduan biltzen». Bereizketa hori egitea oso garrantzitsutzat jo zuen eta atez atekoak horretarako aukera sendoak dituela azpimarratu.
Jon Kortajarena Oiartzungo atez atekoaren arduradunak azaldu bezala, Oiartzunen 5 frakzio bilduko dira gaika: materia organikoa, papera eta kartoia, ontzi arinak, beira eta errefusa (birziklatu ezin dena). Beiraren bilketa, orain arte bezala, iglu berdeen bitartez egingo da. Honez gain, Oiartzunen bakarkako etxebizitza eta gune berdeak dituzten bizilagun asko dagoenez, autokonposta ere bilketa sistema berriaren oinarrietako bat izango da. Aipatu zenez, hala nahi duten herritarrei etxean bertan konposta egiteko ikastaroak emango zaizkie eta baita horretarako beharrezkoa den makina ere. Egitasmo honetan parte hartzen duten oiartzuarrek zaborraren tasan hobaria izango dute.
Aspektu ekonomikoez ere hitz egin zen. Alkateak eta Udaleko teknikariak aitatu zutenez, «atez atekoan bilketa garestiagoa da, baina Udalak bestelako ekarpenak ere izango ditu. Hala nola, ontzi arinen eta paperaren salmentatik etorritakoak eta hondakinen tratamenduak izango duen merketzetik datozenak».
Asteazkenean hasi zen proiektu hau gorpuztea helburu duen eztabaida eta erabakitze prozesua. Gabonak bitarte bi bilera erronda egongo dira. Alkateak herritarrei lasaitasun mezua igorri nahi izan zien. Behar den informazio guztia eskura izango dutela eta Udalak beren zalantza, galdera zein ekarpenak egiteko ahal diren bitarteko guztiak jarriko dituela azpimarratu zuen; horien artean jada zabalik den informazio bulegoa eta martxan den webgunea. Honez gain, oiartzuar guztiak proiektu honetan parte hartzera deitu nahi izan zituen denon aportazioekin atez ateko hondakinen bilketa egokia definitu ahal izateko.