Borrar

Milio bat euro estreinaldietan oinarritutako euskarazko zinema eskaintza bermatzeko

Hori da UEMAk zenbatetsi duen datua, esperientzia pilotu bat lau udalerritan abian jarri ondoren

I. A.

Donostia

Osteguna, 20 uztaila 2023, 18:01

Comenta

UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak zenbatetsi du milioi bat euro behar dela urte osoan astero estreinaldietan oinarritutako euskarazko zinema eskaintza bermatzeko, eta zentzu horretan «urratsak» egingo ditu irailetik aurrera, erakundetik jakinarazi dutenez. Azken hilabeteetan abian jarritako esperientzia pilotuaren emaitzak aztertu ondoren eman du ezagutzera datu hau.

Zinema aretoetan dagoen euskarazko eskaintza urriari erantzuteko asmoz, 'Zinuema' egitasmoa sortu zuen UEMAk 2022ko azaroan, Tinko Filmeak enpresarekin elkarlanean. Euskarazko 12 ikus-entzunezkoren egitaraua izan zen ekimenaren oinarria, lau udalerritan eskaini dena, Igorren, Etxarri-Aranatzen, Azpeitian eta Ataunen, non askotariko film eta dokumentalak eman zituzten azarotik martxora bitartean. Ekimenak 2.123 ikusle izan ditu, harrera onarekin.

Esperientzia pilotuaren ondorio nagusien artean, haurrentzako filmek izan dute ikusle gehien, eta dokumentalek, aldiz, oro har ez dute arrakasta handirik izan, ikusle gutxi izan baitute. Helduentzako fikziozko filmen hutsunea sumatu da, eta estreinaldiek oso ongi funtzionatu dute, haurrentzako filmek bezala. Halaber, EiTBren aurrestrainaldiek egundoko erantzuna izan dute, eta giltzarria izan da EiTBren laguntza ekimena arrakastatsua izan dadin. Bono sistemak ez du funtzionatu, izan ere gehiengo handi batek ohiko sarrera erosi du.

Datu hauekin, eta bateko eta besteko udalek ekimena dagokien udalerrietara zabaltzeko UEMAri egindako eskaerari erantzunez, mankomunitateak 'Zinuema II' deitu duena abiatuko du; ekimenean parte hartzeko gogoa erakutsi duten udaletara zabalduko litzateke udazkenean eta neguan, eta lehen lau herrietan bezala, zenbait hilabeterako euskarazko eskaintza izango litzateke.

Hirugarren fasea

Edonola ere, UEMAren asmoa «harago» doa, eta bigarren fasea gainditu eta 'Zinuema III' ekimena UEMAko kide diren ahalik eta herri gehienetan bideratzea da bere helburua. «Izan ere, azken ikerketek eta datuek erakutsi duten moduan, ikus-entzunezkoen kontsumoan erdaren oso azpitik dago euskara udalerri euskaldunenetan ere, eta horrek eragin nabarmena du gero hizkuntza ohituretan, batez ere hiztun gazteen artean», gaineratu dute.

Hirugarren fasea bideratu ahal izateko, ekoizpen, eskubide, bikoizketa, banaketa eta gainerakoetarako kostu guztiak zehazki zenbatetsi dituzte UEMAk eta Tinkok. «Milioi bat euro behar da urte osoan astero estreinaldietan oinarritutako euskarazko zinema eskaintza bermatzeko», jakinarazi dute. Kopuru hori lortzeko lanari ekingo dio UEMAk udazkenean, hainbat erakunde publikoren laguntza lehenetsiz, baina enpresa pribatuen babesletza ere baztertu gabe.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Milio bat euro estreinaldietan oinarritutako euskarazko zinema eskaintza bermatzeko

Milio bat euro estreinaldietan oinarritutako euskarazko zinema eskaintza bermatzeko