Lina plastilinaren abentura berriak
Izaro Artoitak sortutako pertsonaia protagonista duen hirugarren liburua argitaratu du Elkar argitaletxeak
I. Altuna
Donostia
Ostirala, 25 uztaila 2025, 19:31
Eskolako laborategian zegoela, aulki gainean zutitu eta forma eta izen bitxiak zituzten flaskoei begira ari zen Kati, oreka galdu eta hankaz gora erori zenean. Hainbat flasko gainera erori zitzaizkion, eta ondorioz, plastilinazko bihurtu zen. Ondorioz, edozein forma har dezake eta nahieran kendu eta jar ditzake gorputzeko zatitxoak. «Aspalditik nuen gogoa gorputz moldagarria zuen neskato baten inguruan idazteko», aitortu zuen Izaro Artoitak 'Lina plastilina' (Elkar) bildumaren lehen liburuaren aurkezpenean. Hirugarrena argitaratu berri du orain.
'Lamiaren irribarrea' izenburua du bildumako hirugarren liburua, eta bi ipuin biltzen ditu, 'Mila eta bat misterio' eta 'Kantu bat ametsetan'. Lina bere liburutik irten eta amona Tererengana joango da. Amona kontalari aparta izateaz gain, misterioak argitzea gustatzen zaio, Bizenta lagunarekin batera. Horrela ba, Linak eta Pau lagunak lapurreta kasu batean nahastuta ikusiko dute beren burua.
Lina Plastilinaren abenturek «haurren irudimena xixatuko zuen ilustratzailea» behar zutela onartu zuen autoreak aurkezpenean, eta argitaletxeak Joseba Larratxe ('Josevisky') ilustrazaile irundarrarengana jo zuen. Hirugarren liburu honetan ere bereak dira marrazkiak.
Fantasia eta irudimena gustuko duten haurrentzat idatzitako liburuak dira 'Lina plastilina' bildumakoak, baina «heldutasunaren arabera irakurketa maila desberdinak» izan ditzake, egilearen esanetan. «Protagonistak plastilinazko gorputza duenez edozer gauza egin dezake bere gorputzarekin, edozein izakiren antza izan dezake, eta botere berri horri esker liburuan sartu eta bertan bidaiari izango da», dio Izaro Artoitak.