Donostian geldialdia egin du espedizioak
Udaletxean harrera egin diete goizean eta ostegunean Zarauzko bidea hartuko dute jzioquitarrek
I. A.
Donostia
Asteazkena, 23 uztaila 2025, 17:32
Urruñatik Hendaiara oinez, eta ondoren trena hartuta, astearte arratsaldean iritsi ziren jzioquitarrak Donostiara. Loiola auzoko geltokian jeitsi eta Cristina-Enea parkea gurutzatuta Zuhaiztiko eskolara heldu ziren, beraien ostatua bi gauez. Arratsaldean Zurriola hondartzan bainua hartu eta Gros auzoan barneratu ziren espedizioan parte hartzen duten 126 gazteak. Kamiseta laranjako eta urdineko kideak hiriko paisaian barneratu ziren.
Asteazken honetan goiz hasi dute eguna. Donostiako Udalak harrera egin die eta udaletxean gosaldu dute. Ondoren, Piraten mugimendua eta Kaleko Afari Solidarioen ekimena ezagutzeko aukera izan dute.
Ostegunean Donostia atzean utziko du espedizioak Zarautzera bidean. Izan ere Gipuzkoa eta Bizkaiko kostaldetik bidaian jarraituko dute datozen egunetan abentura honen helmugara iritsi arte, Getxora, hilaren 31n.
Euskal Herriko udalerrietako kultura eta historia gazteei ezagutaraztea du helburu ekimenak. Ruta Quetzal espedizio-sorta sonatuan parte hartu zuten kide batzuk daude proiektuaren atzean, eta orduko hartatik gordetako oroitzapenetatik sortu zen horren «euskal aldaera bat» martxan jartzeko ideia.
Jzioquitarrek -EuskarAbentura espedizioko parte-hartzaileek jasotzen duten izena- lagunartean burutzen dituzte etapak eta iristen diren udalerrietan ekimen desberdinak burutzen dituzte. Gonbidatu berezien bisitak ere izaten dituzte. Aurtengo edizioan «errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko eta kultural anitzeko» 126 gaztek parte hartzen dute EuskarAbenturan.