Gaur egitekoa zen Idiazabal Gazta berriaren ebakiera, atzeratua
Ordiziako udalak, «Covid-19aren datuen goranzko joera ikusita» hartu du erabakia
I.Altuna
Donostia
Asteartea, 6 apirila 2021, 16:56
Covid19ak eragindako pandemiak iazko Artzain Eguna bertan behera utzi zuen, eta urtebete ondoren, eta segurtasun neurriak osotasunean bermatzeko zailtasunengatik, gaur Ordiziako kaleak jendez beteko zituen Artzain Eguneko azoka ez ospatzea erabaki zuen Udalak. Hala ere, artzainen lana zaildu eta esfortzuak biderkatu behar izan dituzten honetan, sektoreari babesa ematearren, XXVII. Idiazabal Gazta berriaren aurkezpena egitekoak ziren gaur goizean Oianguko parkean, edukiera mugatua izango zuen ekitaldi batetan. Baina atzo eguerdian Udalak jakitera eman zuenez, «Ordiziako eta orohar Goierriko datuen goranzko joera ikusita», Gazta berriaren ebakiera atzeratzea erabaki da Idiazabal Gaztaren Kofradiarekin eta Idiazabal Jatorri izendapenarekin adostuta.
Gazta berriaren ebakiera, Idiazabalgo gazta sustatuko duen pertsonaia edo elkarte batek burutzen du eta aurtengoan, sukaldaritza tradizionala sustatzen duen Jakitea Elkartea zen egitekoa. Gainera, hamazazpi urteko jardunaren ondoren Idiazabal Jatorri Izendapenaren lehendakaritza utzi duen Joxe Mari Ustarrozi aitortza ekitaldi xume bat egingo zitzaion.
Osasun sailak atzo argitaratu dituen datuen arabera, Ordizian 14 egunean metatutako intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 1.052,63 da. Herriak eremu gorrian jarraitzen du, Goierriko beste hainbat herrik bezala (Beasain, Lazkao, Idiazabal, Zaldibia, Zegama eta Segura) eta bertako biztanleek mugikortasuna mugatua dute eta ezin dira beraien herrietatik irten.
Baldintza egokiak ematen direnean Gazta berriaren ebakiera ekitaldia ospatuko dela jakinarazi dute antolatzaileek.