Augustin Zubikarai Nobela Sarira lanak aurkezteko azken egunak
Nobelak idazteko proiektuak irailaren 30erako bidali behar dira eta irabazleak urtebeteko epea izango du nobela amaitzeko
I.A.
Donostia
Igandea, 21 iraila 2025, 16:31
Euskal kultura aberastea eta idazleen lana bultzatzea ditu xede Ondarroako Udalak sustatzen duen Augustin Zukikarai Nobela Sariak. Deialdia uztailean luzatu ostean, irailaren 30ean amaituko da lanak aurkezteko epea.
Ordurako, nobelak idazteko proiektuak aurkeztu beharko dira, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak. Parte hartzaile bakoitzak landu nahi duen kontakizunaren azalpena aurkeztu beharko du, 2.000 eta 6.000 karaktere bitartekoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola argumentua, egitura, luzera edota estiloa. Idazlanaren lagina edo erakusgarria ere aurkeztu beharko ditu, 15.000 eta 40.000 karaktere bitartekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena.
Epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle urriaren 31 baino lehen. Irabazleak urtebeteko epea izango du, gehienez, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta nobela amaitua Ondarroako Udalaren esku ipintzeko. Saria 8.000 eurokoa izango da eta Ondarroako Udalak ordainduko dio irabazleari: bekaren erdia irabazle izendatu ondoren, eta beste erdia, idazlan amaitua entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan.
Epaimahaikideak Ondarroako Udalak izendatutako bi aditu eta Elkar argitaletxeko editorea izango dira, eta idazkaria udal euskara teknikaria. Elkar argitaletxeak argitaratuko du idazlana eta egile-eskubideak, ohiko moduan, ordainduko dizkio egileari.
Augustin Zubikarai saria, bederatzi urtez nobela laburrentzako lehiaketa izan zena, 2010ean formatuz aldatu eta nobelak sortzeko beka bihurtu zen. Ordutik Joxean Agirre, Itxaso Araque, Garbiñe Ubeda, Garazi Kamio, Jasone Osoro, Miren Gorrotxategi, Katixa Agirre, Xabier Etxeberria, Eneko Barberena, Idoia Garzes, Lander Garro, Mikel Alvarez, Patxi Zubizarreta, Karmele Mitxelena, Goio Ramos eta Julen Apella izan dira sariaren irabazleak.