Arrakastaren inguruko gogoetak bildu ditu Jasone Osorok bere azken lanean
Ibilbide arrakastatsua izan duten hamaika lagunen gogoetekin eta hainbat pentsalariren aipuekin osatu du bere lehenengo saiakera
Itziar Altuna
Donostia
Asteartea, 31 urria 2023, 19:00
Zer da arrakasta? Hau da Jasone Osorok erantzun nahi izan duen galdera bere azken liburuan. Horretarako, hiztegietan bilatu du, baita filosofoek honi buruz zer dioten irakurri. Baina batez ere, beraien bizitzan, modu batetan edo bestean, arraskata izan duten hamaika pertsona bildu ditu galdera honi erantzuna emateko. Guztiek kontatu diotenarekin, bere bizipenekin eta hainbat pentsalariren hausnarketa eta aipuekin eraiki du Osorok 'Arrakasta', bere lehen saiakera.
Luze eta zabal aritu zen hitzegiten egilea liburu honetan bidelagun izan dituen solaskideekin. Joxemari Agirretxe 'Porrotx' pailazoa, Eneko Atxa sukaldaria, Izaro Andres musikaria, Harkaitz Cano idazlea, Eva Domingo eta Maider Egues kazetariak; Jon Garaño zine-zuzendaria, Aizpea Goenaga antzerkilaria, Markel Irizar txirrindularia, Itziar Ituño aktorea eta Gorka Urbizu musikaria. «Ez da elkarrizketa liburua, nik beste zerbait nahi nuen, eta nire bizipen, oroitzapen eta minak ere jaso ditut», azaldu zuen Osorok liburuaren aurkezpen ekitaldian.
Disziplina desberdinetan lan egiten duten pertsonak aukeratu ditu idazleak, «zerrenda bat egin nuen, deika hasi eta denek baiezkoa eman zidaten». Bakoi#tzak, bere ibilbidetik, gogoeta egin dute arrakastaren inguruko hainbat gai eta gakori buruz, hala nola familiaren babesa, diziplina, bidelagunak, txaloak, kritikak edo krisiak, besteak beste. Esandako guztiak zortzi ataletan banatu ditu egileak, eta ondoren bere ondorioak azaldu ditu.
Hiru zutabe
Liburu hau «bidaia ederra» izan dela onartu zuen Osorok, «gauza asko ulertzeko balio izan dit» izan ere, «pentsatzen lagundu diet, hitzegiten genuen arabera denak diskurtsoa elaboratzen joan dira». Horregatik, orain, liburua idazten hasi zenean baino argiago du zer den arrakasta. Bere esanetan, ez dago «formula magikorik», baina bai «hiru zutabe ezinbestkoak direnak» arrakasta lortzeko, «autoezagutza, aliantzak eta borondatea». Hala ere, Osorok argi du arrakasta «polisemikoa» dela, «aldakorra» eta «bizia», bakoitzak bizi duen momentuaren eta beharren arabera aldatzen doana.