Hirigintza kontuak
Kirurgia estetikoa egiten duen norbaitek ez dio lehen zen hura izateari uzten. Bere burua aldatzen edo edertzen du (ez beti), eta baliteke, akaso, bere izateko era ere aldatzea, baina ez dira aldatuko bere nortasun agiriaren izen-abizenak. Erregistro zibilarentzat lehengo hura izango da. Hartu bizikleta zahar bat. Jada ez ditu hasierako gurpilak; eserlekua ere berria du, baita frenoak eta pedalak ere. Beste hainbat osagarri aldatu dizkiote urteen poderioz. Eta orain egin zeuon buruari galdera: esan al daiteke hasierako bizikleta dela? Zerk eragiten du lehengo hura izaten jarraitzea? Bizikletaren koadroak? Bizikletaren arimak? Geure buruan dugun bizikletaren irudiak edo oroitzapenak?
Antzeko zerbait gertatzen zait jaio nintzen hiriarekin. Kontuak ateratzen hasi nintzen lehengoan. Gutxi gorabehera, ondorioztatu nuen, ni txikia nintzen garaitik, ehuneko laurogei inguru aldatu da Donostia. Orduko denden, lekuen, parkeen, tabernen, paseoen eta abarren ehuneko laurogeia ez da lehen zena. Denboraren makina batek bat-batean garai hartatik gaurkora ekarri izan banindu, lanak izango nituzkeen jaiolekua ezagutzeko. Hala ere, Donostia esaten diote oraindik. Donostia da, eta, aldi berean, ezer gutxi du nik ezagutu nuen Donostia hartatik. Ni ere ez naiz orduko hura, jakina. Gauzak aldatzen doaz. Pentsatzen hasi naiz hiriaren bizitasunak desmemoriara jotzen duela, eta haragiaren hauskortasunak, berriz, oroimenera. Horrenbeste aldatu da hiria, batzuetan, etxekoa bera bihurtzen baita turista.