Arrotzak, hiriak eta ibaiak
Gauza bat da delinkuentzia, eta bestea arrotz izatea. Gauza bat da delituei aurre egin nahi izatea, eta bestea arrotzak kriminalizatzea, arrotz izate hutsagatik. Nazioarteko testuinguru ... gatazkatsu eta polarizatuak ez du laguntzen gauzak neurriz eta orekaz ikusten.
Bitxiki, mitoak eta lorratz arkeologikoak arakatu dituen Mary Beard historiagileak gogorarazten digu Romulo izeneko hark kanpotik zetozen guztiei eman ziela ongi etorria eta asiloa, izan arrotzak, kriminalak edo iheslariak. Horrela sortu zen Erroma, arrotzei ateak irekiz. Ia milurteko bat geroago, 212an, Caracalla enperadoreak Erromatar Inperioko biztanle libre guztietara hedatu zuen erromatar hiritartasuna. Nolanahi ere, Erromak ez zuen lortu auzia behin betiko konpontzea. Eta, geroztik, bueltaka jarraitzen dugu hiritartasunarekin, jatortasunarekin eta aldez aurretik eskuratutako eskubideekin.
Espainiako hiriburuen etimologiara jotzen badugu, esaterako, gehientsuenak latinetik edo arabiarretik datoz. Sortu zirenetik, ordea, gauza asko gertatu dira hiriburu horietan, baita hiriburu ez diren gainerako herri eta herrialdeetan ere. Gu baino lehenago bertakoak izan ziren biztanle horiek ehunka eraikin, ohitura eta ondare utzi dizkigute. Beste hainbeste desagertu dira. Haiek ere bertakoak izan ziren, gu bezainbat, eta gurekin elkarrizketan jarraitzen dute. Aldatzen doaz herrien mugak, izenak, hizkuntzak… Nonbait aldatzen ez dena da geure jabegoko ibaian bainatzen jarraitu nahi dugula behin eta berriz, ur beti beraren isuripean.
¿Tienes una suscripción? Inicia sesión