Villabona
Jorge Álvarez, Billabona futbol taldeko sortzaileetako bat, zendu daGaur izango da hileta elizkizuna Villabonako Jesusen Bihotza parrokian, 19:00etan
Amaia Núñez
Amasa-Villabona.
Asteartea, 12 abendua 2023
Jorge Álvarez, Billabona FKE-ko sortzaile eta 'alma mater' zena zendu zen astelehenean, 80 urte zituela. Klubaren sorreratik bertatik lotura estua izan zuen taldearekiko, bete behar ziren hainbat lan bere gain hartuz. Besteak beste, «taldeko koordinatzailea izan zen urte askotan, Gipuzkoako belar naturaleko soropila ederrenetakoa txukun eta dotore mantentzeko lana bere gain zuena, jokalarien fitxen tramitazioaz, ekipazio, bota eta kirol materialen erosketaz, taberna eramateaz, jokalarien joan-etorriak antolatzeaz, Udalarekin, federazioarekin, Realarekin komunikazioa eramateaz arduratzen zena», gogoratu zuten futbol taldeko ordezkariek. Hileta elizkizuna Villabonako Jesusen Bihotza parrokian izango da gaur arratsaldeko 19:00etan.
álvarez oso estimatua zen bai herrian, baita futbol munduan ere. Horren erakusgarri, belar artifizialdun zelaiaren inaugurazio egunean eskaini zitzaion omenaldi beroa. Egun horretan Realeko eta Eibarreko beteranoen partidua jokatu zen Arratzainen, federazioko eta Realeko direktiben presentziarekin, eta Juan Ignacio Garmendia atezain handia ere bertan zelarik. 1991 urtean Gipuzkoako futbol Federazioak delegatu onena izendatu zuen.
«Harrobiko lanaren maitale, kluba gaur egun denaren hazia erein eta maitasunez zaindu zuen erretiro garaia iritsi zitzaion arte, Andres Nuñezi lekukoa pasaz», oroitzen dute. Futbol eskola martxan jarri zenetik hazkuntza haundia izan du klubak, ia 300 jokalariz osaturiko familia bat izateraino gaur egun, 8 urteko benjamin taldetik hasi eta gorengo regional taldea bitartean banatuak.
Etxeko partidu guztietan minutuko isilunea gordeko dute bere omenez ostiraleko Preferenteko lehiatik hasita
Asteburu honetako etxeko partidu guztietan minutuko isilunea gordeko dute bere omenez, ostiral honetan iluntzeko 20:30ean Euskaldunaren aurka jokatuko den gorengo preferente mailako partidutik hasita. Patuak nahi izan du urtetan Jorgeren ondoan lehendabizi jokalari eta, ondoren, entrenatzaile izandako Asier Etxaniz izatea bisitarien taldea zuzentzen. Etxeko aulkian beste horrenbeste esan liteke, Oscar Urbanorekin.
Billabona FKE-k klubeko parte diren edo izan diren jokalari, entrenatzaile, laguntzaile, babesle, guraso nahiz zaleak zelaira bertaratzeko gonbitea luzatu nahi du. Ordutegiak, taldearen sare sozialetan eta Malkar plaza eta kiroldegiko paneletan argitaratuko dira, ohiko moduan.