Ostiraletik astelehenera bitartean ospatuko dira Alegiako jaiak

Asteburua bete-betean harrapatuko dute eta Karmen egunarekin emango zaie amaiera

GOIKOETXEA ALEGIA.

Dena prest da Alegian aurtengo jaietarako. Hilaren 13an, ostirala, hasiko dira eta uztailaren 16ra, Karmen eguna, bitartean luzatuko dira. Ostiral iluntzean emango zaie hasiera festei eta aurten bi herritar seinalatu izango dira txupinazoa botatzeko ohorea izango dutenak. Mari Tere Munduate eta Sagrario Aranburuk urte luzez kudeatu duten janari denda itxi egingo da aurtengo jaietan eta urteetan egindako lan horri guztiari esker ona adierazte aldera, festa batzordeak txupinazoa botatzeko gonbita luzatu zien, herritarren aldetik merezitako errekonozimendua jaso dezaten.

Txupinazoaren ostean, Bartzelonako Vilafranca del Penedes herritik datozen castellerren emanaldia izango da plazan. Lehen aldiz Euskal Herrian bederatzi mailako giza dorrea egingo dute. Bertso saioa eta Skasti eta Bad Sound taldeen kontzertuak izango dira ostiraleko beste ekitaldi azpimarragarrienak.

Larunbatean jende ugari biltzen duen sagardo dastaketa egingo da txorizo eta sardina errekin. Sei sagardotegitako sagardoa izango da dastatzeko eta trikitilariek alaituko dute giroa. Arratsaldean, Goitibeheren hirugarren jaitsiera egingo da Galarreta baserriko bidean behera eta profesionalen pilota jaialdia ere izango da. Lehenik, Alegiako txapelketako finalak jokatuko dira kadeteen eta afizionatuen mailetan. Hirugarren partida profesionalena izango da eta Artola eta Urretabizkaia Arteagaren eta Erasunen aurka ariko dira. Gauean, Psycho Clown kale ikuskizuna eta Josu Rodriguez DJa izango dira.

Igandean lehengo txistularien diana berezia izango da goizean eta eguerdian Txintxarri Txiki eta Txintxarri abesbatzek alardea eskainiko dute plazan, txistulariek lagunduta. Bertan, txistulariei esker ona adierazteko ekitaldia ere egingo da. Arratsaldean Gipuzkoako harri txikien txapelketa jokatuko da Larraitz auzoan eta Tio Teronen Semeak taldearen emanaldia ere izango da. Gauean Sutarri dantza taldea eta erromeria izango dira.

Astelehena, Karmen eguna, jubilatu zein haurrentzako ekintzekin hasiko da. Jubilatuen mendi martxa eta hamaiketakoa izango dira eta gaztetxoek saskibaloi txapelketa izango dute. Eguerdian umeen bazkaria egingo da, bazkalostean haurren playbacka, zumba, haur antzerkia txokolatea eta toka txapelketa izango dira. Gauerdian txintxarria erre eta datorren urtera bitartean agurtuko dira jaiak.

Más

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos