Perretxikoz bete da feria udazkena hastearekin batera
Lehen niskaloak eta saltsa perretxiko beltzak iritsi dira, eskaintza zabaltzeko
Tere Madinabeitia
Ordizia
Osteguna, 25 iraila 2025, 02:00
Udazkena perretxikoen urtaroa izaten da, eta aurten hasi berritan hala erakutsi du Ordiziako feriak. Atzo urtaro berriko lehen asteazkena izan zen, eta atal mikologikoak egundoko bultzada izan zuen perretxiko mota berriak iritsita. Hala ere, ez ziren horiek eguneko berritasun bakarrak izan, eta barazkien, fruten eta ogien ataletan ere ikusi ziren produktu berriak.
Berritasun mikologikoak niskaloen eta saltsa perretxiko beltzen eskutik iritsi ziren. Mikel Lasaren postuan erosi zitezkeen bi barietateak. Hamar kilo niskalo jarri zituzten salgai, kiloa 24 euroan, eta beste hainbeste kilo saltsa perretxiko beltz ere bai, horiek 24 euroan. Bazituzten Lasarenean perretxiko gehiago: 5 kilo gibelurdin, kiloa 24 euroan, eta eta 15 kilo mendiko angula, 24 euroan horiek ere. Onddoak eta ziza horiak ere eskaini zituzten, eta Barcinaren postuan zeudenak gehituta, guztira, 32 kilo ziza hori (19-22 euro) eta 130 kilo onddo (19-39 euro) ere izan ziren aukeran, baita boilur beltzak ere, kiloa 290 euroan.
Barazkien atalean bi produktu aipatu behar dira. Batetik, Sustrai Askeak elkarteko Natalia Magallanesek daykon arbia aurkeztu zuen, eta sorta 2,5 euroan jarri zuen salgai. Aletutako babarrun beltza erosteko aukera ere izan zen atzo, Arantxa Lopetegiren postuan, hain zuzen. Kiloa 18 euroan jarri zuen. Orain arte, lekan bakarrik zegoen salgai.
Sagar mota berri bat ere jarri zuen salgai Simon Aizpuruk, urreztai deiturikoa; kiloa 3 euroan zuen. Abuztu amaieran hasi zuen Aizpuruk sagar salmenta kanpaina, eta ondo doala esan zuen, aurten ugari dagoelako.
Ogien atalak ere eman zuen atzo berritasunik. Legazpiko Udana okindegiko Maite Iturbek kuiarekin eta kuaitxoarekin egindako opilak zituen, kuiaduna forma borobilekoa, eta kuiatxoduna luzeagoa. Opil bakoitza 0,90 euroan zuen salgai.
Fruta saltzaileen artean, berriz, piper gorrien denboraldia hasi da. Najerano motakoak 1,5 eta 2 euro artean daude.