Ordizia
Lazkao Txiki Bertso-paper Lehiaketa abian daArgi Berri elkarteak 33 urtez antolatu du udaberriro puntual iristen den hitzordua
Lazkao Txiki duela 30 urte hil zen Goierriko bertsolaritza umezurtz utzita, baina bere ondareak bizirik jarraitzen du oraindik. Urtebete lehenago sortu zuen Argi Berri elkarteak Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketa, eskualdeak garai hartan zuen bertsolaririk ezagun eta eredugarriena. Ordutik, urteroko hitzorduari hutsik egin gabe, elkarteak lehiaketa antolatu du berriro, XXXII. edizioa aurtengoa.
Sorreratik egin den ildo beretik, hiru mailatan banatzen da lehiaketa: gaztetxoen maila 13 urte artekoentzat, gazteen maila 14 eta 18 urte dituztenentzat, eta helduen maila 2004an edo aurretik jaiotakoentzat.
Parte hartzaile bakoitzak nahi adina bertsopaper bidali ditzake lehiaketara. Gaztetxoek gutxienez bi eta gehienez 4 bertso idatzi beharko dituzte bertsopaper bakoitzeko. Gazte eta helduen mailatan, berriz, zortzi eta hamabi bertso artean eduki beharko ditu bertsopaper bakoitzak.
Maila guztietan neurria eta doinua libreak dira. Gazte eta helduen kasuan gaia ere librea izango da. Gaztetxoek 'sakelakorik gabe ezin bizi' gaiaren inguruan idatzi beharko dute.
Lanak Argi-Berri elkartera bidali beharko dira, Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketa adierazita, Gipuzkoa kalea 15-behea; 20240 Ordizia, helbidera. Nahi dutenek e-posyaz ere bidali ditzakete lanak aitor-c@aek.eus helbidera. Lanak uztailaren 1a aurretik bidali beharko dira.
Lan originalak
Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketara bidaliko diren lanak jatorrizkoak, argitaratu gabeak eta beste lehiaketa batean saritu gabekoak izan behar dute. Bertsopaper originalaz gain, beste lau kopia ere bidali beharko dituzte ohiko postaz bidaltzen dituztenek. Lanak izenordez bakarrik sinatuko dira, bertso sortaren barrenean jartzea gomendatzen dute, eta izenordearekin bakarrik bidali beharko dira. Izenorde horrek guztiz ezezaguna izan behar du.
Egilearen datu guztiak beste gutunazal batean bidali beharko dira. Izenordearekin batera, izena, jaiotze-data, helbidea, telefono zenbakia, e.a. baita karnetaren kopia bidaltzea aholkatzen dute. E-postaz bidaliz gero, berriz, mezu berean alde batetik bertsoak eta bestetik egilearen datuak bidaliko dira bi dokumentu ezberdinetan.
Gazte eta helduen kasuan gaia librea izango da. Gaztetxoek 'sakelakorik gabe ezin bizi' gaiari buruz idatzi beharko dute
Bertsoak ordenagailuz idatzirik bidaltzea eskatzen da, bakoitzari bere ordena-zenbakia jarrita. Ezinbestekoa da, bestalde, bertso sorta bakoitzaren doinua izenburuaren ondoan zehaztea.
Maila bakoitzeko lehen hiru sailkatuek jasoko dute saria. Garaileek 'Txiki' bana jasoko dute, eta horretaz gain, gaztetxoen mailan, lehen sailkatuak 200 euro eramango ditu, bigarrenak 100 eta hirugarrenak 50. Gazteen mailan, irabazleak 300 euro eramango ditu, bigarrenak 200 eta hirugarrenak 100. Helduen artean lehen sailkatuak 500 euro eramango ditu, bigarrenak 400 eta hirugarrenak 300. Antolakuntzak jakinarazten du diru-sariei legez dagozkien erretentzioak egingo zaizkiela. Epaimahaiaren esku geratzen da sarien banaketa. Edozein sari eman gabe utzi dezake behar adinako kalitatea topatzen ez badu. Era berean, sariak erdibanatzeko aukera ere berea izango du, hala baderitzo. Sari horiez gain aipamen bereziak ere egon daitezke.
Bestelako informaziorik behar izanez gero 649 011 262 telefono zenbakira deitu beharko da. Sari-banaketa Ordiziako Euskal Jaien barruan egingo da irailaren 10ean.