Legorreta
«Ametsak elikatu egin behar direla uste dut, sinistu egin behar da»Betzaida Urtaza idazle legorretarra, haur literaturaren bidez balioak eta emozioak lantzeko prozesuan murgiltua dabil
Betzaida Urtaza Legorretarra, 'Amesgile' editorialaren sortzailea eta haur literaturaren munduan errotutako idazlea, sormenaren eta balioen transmisioaren aldeko konpromezuagatik da ezaguna. Irakurketaren, ipuin-kontaketaren eta sortzeko grinaren bidez, umeen ametsak elikatzen jarraitzen du egunero. Bere lanek natura, familia eta maitasuna dituzte ardatz, eta haurrei emozioak ulertzen laguntzea du helburu. Gurekin hitz egin du bere ibilbideaz, inspirazio iturriez eta Amesgile-ren etorkizunaz.
–Betzaida, nola sortu zen Amesgile editoriala sortzeko ideia?
–2019an aita hil zitzaidan, eta kanpoan bizi nintzenez, bueltatu egin nintzen. Garai hartan inspirazio handia sentitzen nuen; idazteko eta sortzeko beharra nuen barruan. Liburutegira joan nintzen eta han zeuden liburuak aztertzen hasi nintzen, baita editorialak ere. Nire lanak hainbat editorialetara bidali nituen, baina ez nuen erantzunik jaso, eta horrek beste bide bat bilatzera bultzatu ninduen. Horrela erabaki nuen neure kabuz ikastea eta editoriala sortzea, amaren laguntzaz eta ingurukoen babesarekin. Prozesu gogorra izan zen, baina aldi berean zoragarria. Inguruko jende askok lagundu dit, eta bost urte hauetan ikaragarri ikasi dut: ez bakarrik liburuen munduaz, baizik eta norberak bere bidea egiten duen prozesuaz.Amesgile sortzea amets bat izan da, baina baita bizitzako aldaketa handi baten emaitza ere.
LAGUNTZA«Umeek askotan ez dakite izenak jartzen emozioei, eta ipuinek horretan laguntzen dute»AFIZIOAK«Ama naizenetik, denbora gutxiago dut niretzat, baina gustuko afizioak mantentzen ditut»
–Irakurtzea, idaztea, ipuin-kontalaria izatea eta gozogintza... nola uztartzen dituzu zaletasun guzti hauek eguneroko bizitzan?
–Betidanik izan naiz oso 'multitasking'. Ama naizenetik denbora gutxiago dudan arren, gustatzen zait hainbat afiziotan aritzea. Nire burua etengabe dago sortzen; ideiak bata bestearen atzetik datoz. Egunerokotasunean oinarritzen naiz beti, bizitzak berak ematen dizkit ideiak.
–Zure ipuinetan askotan agertzen dira balioak, hala nola errespetua edo gainditzeko indarra. Zergatik dira hain garrantzitsuak zuretzat?
–Gaztetxoei hazia utzi behar diegu, gure etorkizuna direlako. Irakasle eta gurasoen ardura da pertsona onak heztea: errespetua, maitasuna eta hezkuntza ematea. Gure lana da hori azaltzea eta erakustea. Guztiok elkarrekin ondo konpontzen bagara, mundua hobea izango da. Ez dugu bata bestea zapaldu behar; hori askotan gertatzen da gaztetxo eta helduen artean. Uste dut balioak lantzea eta ulertzea ezinbestekoa dela, bakoitzak berea du eta horri balioa eman behar zaio.
–Umeentzako idazten duzunean, zein da zure inspirazio iturri nagusia?
–Bat-batean irudi bat etortzen zait burura, eta hortik abiatzen naiz. Adibidez, 'Hondartzan' seriean, hondartzan bizi ditudan egoerak eta ikusten ditudan gaiak lantzen ditut. Ez dut iturri finkorik; inspirazioa da nire motorra. Gustatzen zait pertsonen lekuan jartzea eta nola jokatuko nukeen pentsatzea. Egunerokotasunean oinarritzen naiz ehuneko ehunean.
–Zure ipuinetako asko naturan, familian edo maitasunean oinarrituta daude. Zer iritzi duzu gai horiek umeei transmititzeaz?
–Natura funtsezkoa da, natura gara eta berarik gabe ezingo genuke biziraun. Gaur egun deskonexio handia dugu naturarekin, eta umeei hori erakustea oso garrantzitsua iruditzen zait. Ez dut nahi naturari buruz hitz egitea bakarrik, baizik eta beraiekin biziaraztea: ibaira joatea, belarra zapaltzea, eguzkia eta euriaren zaporea sentitzea... Hori guztia gure parte da. Familia ere oinarria da; haiek gabe ez gara ezer. Maitasunetik sortuak gara, eta hori transmititu behar dugu. Bizitza ez da beti erraza, baina maitasuna oinarri da. Lotsa, beldurra, asperdura edo bestelako emozioak ere landu behar dira. Umeek askotan ez dakite izenak jartzen emozioei, eta ipuinek horretan laguntzen dute.
–Zuretzat zer esan nahi du 'umeen ametsak elikatzea' ipuinen bidez?
–Denok ditugu ametsak, bakoitzak bereak, eta saiatzea merezi dute. Ezer ez da ezinezkoa; aukerak beti daude. Ametsak elikatu egin behar dira, ilusio horiek bultzatu eta sinistu egin behar dugu. Nik ere nire ametsak betetzen ari naiz, eta hori adibide gisa balio dezake besteentzat: posible dela erakusteko.
–Nola bizi duzu ipuinak kontatzeko unea, aurrez aurre umeekin?
–Une zoragarria da. Umeak oso naturalak dira, ez dute epaitzen, eta benetan bizi dute istorioa. Gozamena da haiekin partekatzea. Ipuin-kontaketa handiak eta txikiak egin ditut, baina gehien gustatzen zait txikiei kontatzea; arreta handiagoa jartzen dute eta istorioan guztiz murgiltzen dira.
–Gaur egun umeak teknologiarekin oso lotuta daude. Nola ikusten duzu ipuinen eta ahozko kontakizunen garrantzia testuinguru horretan?
–Ipuinek beti izango dute garrantzia. Haien bidez ikasi, bidaiatu eta pentsatu egiten da. Gaur egun dena teknologiaz inguratuta dago, eta umeek askotan ez dute beren sormena behar bezala lantzen. Horregatik liburuetan marrazteko tarteak jarri ditugu, beraiek ere sortzaile izan daitezen. Teknologia beharrezkoa da, baina neurrian.
–Amesgile editorialaren etorkizunerako zein proiektu dituzu buruan?
–2026 edo 2027rako proiektu berezi bat prestatzen ari naiz, nerabe eta gazte helduei zuzendua. Bizitza ezberdinak eta haien ikaskizunak jorratuko ditu, eta euskal emakume ilustratzaileek parte hartuko dute. Liburu berezia izango da, hausnartzeko modukoa. Halaber, Tartalo izeneko lan bat dator bidean, euskal mitologiari buruzkoa, eta beste hainbat proiektu gehiago ere badatoz.
–Zenbat lan argitaratu dituzu gaur egunera arte? Zein da bereziena?
–Orain arte 26 lan argitaratu ditut, azkena aurtengo urrian publikatu nuen. Nire lan berezienen artean, 'Muxuak eta besarkadak' nabarmentzen da (ni eta nire lehengusua gara protagonistak), 'Bete beti zure ametsak' (protagonista ni naiz eta aitona nire aita da, jada ez dago gure artean), eta 'Maixa', helduentzako lana, Alzheimer gaia lantzen duena. Azken hori ez dut nik idatzi, baina asko lagundu nion egileari, eta nire amonaren esperientziatik gertu dago, horregatik da berezia nire lanen artean.