Udaleku irekietan izena emateko epea, zabalik
IKER AIZPURUA
Osteguna, 19 maiatza 2022, 00:10
Udalak 2022 urteko udaleku irekietan izena emateko epea zabaldu zuen asteartean. Aisialdi zerbitzu hau, 2010 eta 2019 urte artean jaiotakoentzat zuzenduta dago. Udalekuan ordutegia goizeko 9:30etik eguerdiko 12:30era artekoa izango da. Aurten, gainera, interesa duten guztiek izena txandaka emateko aukera izango dute.
Lehen hamabostaldia, ekainaren 27tik uztailaren 8ra izango da eta 60 euro kostatuko da. Bigarren hamabostaldia, uztailaren 11tik uztailaren 22rakoa, 60 euro izango litzateke, eta hilabete osoa, ekainaren 27tik uztailaren 22ra izango litzateke eta 120 euroko kostua izango du.
Udalekuetarako izen ematea zabalik egongo da maiatzaren 25era arte. Eskabideak online (www.idiazabal.eus webgunean) edo liburutegian aurrez-aurre egin ahalko dira astelehenetik ostegunera 10:30etik 12:30era eta 16:30etik 19:30era eta ostiraletan 10:30etik 12:30era goizez, eta 16:30etik 19:00etara arratsaldez.
Udalekuetan parte hartu nahi duten haur guztiek bete beharko dute izen emate orria. Prozedura errazteko ahaleginetan dokumentu batean jarri da eta baimen guztiak markatuak jarri direla jakinarazi dute Udaletik.
Bideo proiekzioa
Gaur osteguna, iluntzean, Goierriko mendizale beteranoen 2022ko bidaietako bideo proiekzioa egingo da. Hitzordua, 19:00etatik aurrera izango da Guraso Elkarteko aretoan.
Paella
Larunbatean 'Idiazabal Jai Jai' festa egitarauaren barruan antolatu den paella herrikoirako txartelak agortu dira. Prestatuko diren 800 paella razioetarako txartelak egun gutxitan agortu dira.