Herriko hamar emakume omendu zituzten Emakumeen Egunean
1646an atxilotuak eta epaituak izan ziren, ezkongabeak izanda seme-alabak hazten ari zirelako
YARZA
Ostirala, 11 martxoa 2022, 00:02
Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat egiteaz gainera, ekitaldi berezia ospatu zuten Zaldibiako plazan. Eguerdian elkarretaratzea egin zuten adin guztietako herritarrek, eta ekitaldiaren baitan duela hiru mende epaiketa jasan zuten hamar emakumeri omenaldi xumea egin zitzaien.
Zaldibiako emakumeen atxiloketa eta epaiketa herriko udal artxiboan informazio bila zebilela aurkitu zuen Mikel Urteagak. Dokumentuetan ageri denaren arabera 1646ko ekainean herriko hamar emakume atxilotuak eta epaituak izan ziren orduko alkateak eta hiru herritar testiguk ezkongabeak izanda seme-alabak hazten ari zirela aitortu zutelako. Hala izanda, testigantzak irakurrita argi geratzen da seme-alaba horiek bortxaketen, jazarpenen edota engainuen ondorioz izan zituztela, eta gizonezkoak ez ziren inoiz epaituak izan.
Hamar emakumeek, Barbara Agirre, Maria Bauptista Agirre, Maria Albisu, Maria Bartzelona, Margarita Eleizegi, Maria Juaniz Iraola, Katalina Iztueta, Maria Gartzia Jauregi, Maria Arroiz Mendiola eta Mariana Mendiola zuten izena. Lauzpabost egun igaro zituzten Zaldibiako kartzelan eta ondoren libre atera ziren.
Emakumeen eguneko ekitaldian herriko hamar emakumek, bakoitzak egindako testigantza irakurri zuen eta arrosa bat utzi zuten plazan beren oroimenean.