Dantza garaikidea zuzenean ezagutzeko aukera egongo da asteburu
Larunbatean familientzako tailerra eskainiko da eta igande eguerdian hiru ikuskizun izango dira plazan
Dantza garaikidea ondare eta landa-inguruneetara zabaltzeko ekimena, Labo Geo, Tolosaldera iritsiko da hilabete honetan. Altzon eta Larraulen proiektua zuzenean ezagutzeko aukera egongo da eta, lehenengo ekitaldiak Larraulen egingo dira asteburu honetan bertan.
Larunbatean 'Ahotsa dantzatzen ikasten' tallerra emango da 10:00etatik 12:30etara Antton Amonarriz Kultur Etxeko erabilera anitzeko gelan. Familia osoarentzat zuzendutako ekintza izango da, bereziki sei urtetik gorako haurrentzat. Edonola ere, haurrek heldu baten laguntza izan beharko du. Tailer honetan ahotsa instrumentu bat bailitzan erabiltzen ikasiko dute txikienek, gizakiak duen tresna honen mekanismoak ezagutuko dituzte abesten eta dantzatzen duten bitartean.
Igandean berriz, LABO-GEO ekimeneko sormen prozesuan parte hartu duten taldeen beraien lana aurkeztuko dute. Hiru taldek parte hartuko dute eguerditik aurrera plazan egingo den jaialdian. Node taldeak 'Batu' dantza aurkeztuko du, Jone Amezaga eta Manu Gaigne bikoak 'Remedios Vals' lana, eta Mari Zaunka dantzariak 'Lehio zikin, zeru garbi' pieza.
Node, Myriam Pérez eta Borja Bordonabek osatua, 'Batu' emanaldian euskal ondarearen, orainaren eta etorkizuna aldarrikatu nahi du, «sustraiak ahaztu gabe, gure geroa ospatzen du denboran zehar egindako bidaian, gorputzen, mugimenduen, musikaren eta jantzien barrena». Amezaga eta Gaignek «hizkuntz eszeniko amankomun baten bilaketa eta bidea egiteko modua» sakontu dute beraien dantzan eta Mari Zaunka taldeak «testuinguru konkretuek gorputzean eta genero jarreran duten eragina aztertzen du».
Era berean, Larraulera iristeko doako autobusak egongo dira Donostiatik eta Tolosatik. Garraioa Donostiako Easo plaza 65 zenbakiko geltokitik aterako da 10:00etan, eta Tolosako Rondilla kaleako 34. zenbakian geldialdia egingo du 10:30ean Larraulera igo aurretik. Itzulerarako 14:00etan aterako da Larrauldik eta Tolosan Santa Klara parean geratuko da eta Donostian Easo Plazan. Autobusez joan nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute plaza erreserbatzeko www.labo.eus webgunean.