Oreka pittin bat
Azken neurriek noraino estutuko gaituzten ikusita, gozoa jarriko zaigu soka ekilibrista nekatuoi. Saltorako modukoa.
Zer gara ekilibristak baino, bi bihotzen arteko soka hauskor horietan errari dabiltzan ekilibristak baino. Anariren 'Ekilibristak' kantako hitzak dira. 'Habiak' diskotik datoz. Dezente ari naiz entzuten Anariren aspaldiko kantak azken bolada honetan. Aspaldiko kantak dezente ari naiz entzuten azken bolada honetan.
Dudatan egon naiz zein abestitatik mailegatu hitzak Anariri, 'Zebra'-koak ere ondo datozkidalako egunotako sentsazioak islatzeko: «Lehen zuria arra beltzez. Ta orain berriz beltza arra zuriz». Ilaje aldakorreko ekilibristak, soka hauskorrean errari, oreka apur baten bila.
Irudipena daukat, susmo txar bilakatzeko zorian dagoena, gauzek okerrera egin ahala gero eta indar handiagoz egiten diotela tira sokari mutur bietatik. Horrenbestez, hauskorra ez ezik kulunkaria ere bada. Eta erorketa saihestea denez lehentasuna –batek daki zer dagoen behealdean–, batzuetan irristatuko zara mutur baterantz, eta izango zara zebra zuria marra beltzez. Hurrengo tiraldian egin dezakezu beste aldera, eta izango zara zebra beltza marra zuriz. Beti zebra bera, jakina, baina behin eta berriro begirada birfokuratu beharrak eragiten duen zorabioak jota. Eta nekeak. Zorabioak eta nekeak jota.
Zorionekoak zalantzarik ez dutenak, baina beste klase batekoak ere bagaude munduanEz dakit sokaren zein puntutan dagoen oreka. Aurki dezagun berandu baino lehen
Azken neurriek noraino estutuko gaituzten ikusita, gozoa jarriko zaigu soka ekilibrista nekatuei. Saltorako modukoa. Mutur batetik tiraka jarraituko dute norbanakoaren eskubideak gehiago murriztea onartezina dela diotenek. Ez zaie arrazoirik falta, bat nator maiz haiekin, nahiz eta badagoen azpitalde bat ondo ulertzen ez dudana eta, horrenbestez, haienera atxikitzea zailtzen didana. Izan ere, aldi berean esaten dute, esaldi berean ere bai trebeenek, a) norberaren askatasuna ukiezin eta negoziaezina dela eta b) ezin zaiola norbanakoari leporatu bere jarrera eta jardueren ondorioen ardura. Arrazoiketa konplexu eta aurreratuegia niretzat, zeren eta 'a' eta 'b' ezkondu nahi ditudan bakoitzean txinpartak antzematen baititut zirkuituetan.
Beste muturretik tiraka, nagusiki, neurriak ezartzeko ahalmena –ikus boterea– dutenak. Tiraldi gogorra Eusko Jaurlaritzaren atzokoa. Nafarroako Gobernuarena ere bai, aurreko astean. Nire ustez, gauzak dauden moduan neurri zorrotz eta murriztaileak ezartzen dituztenei eta horien alde daudenei ez zaie arrazoirik falta. Bat nator maiz haiekin, nahiz eta badagoen talde bat ('azpi'-tik gutxi duena) , ondo ulertzen ez dudana eta, horrenbestez, bete-betean atxikitzea zailtzen didana.
Arrazoi sinpleak ditut horretarako, topiko hutsak. Izan ere, batetik esaten digute egon behar dugula etxean, murriztu behar ditugula erabat harremanak eta mugimenduak. Bestetik, ordea, eta adibide bakar bat jartzearren, gehien erabiltzen ditudan garraio publikoetan –ordu jakin batzuetan beti izan dira oso jendetsuak, hori ere egia da– ez naiz ari ikusten hobekuntza nabarmenik ez maiztasunean, ezta aireztatzean ere. Autokritika egin edo kritikak onartzeko orduan ere justu-justu dabil neurriak ezartzeko ahalmena –ikus boterea– duen taldea, eta horrek ere zailtzen dit erabateko atxikimendua. Arrazoi tontoak? Bai, baina oso nekosoak izan daitezke gauza tontoak.
Orrialdeak eta orrialdeak bete daitezke horien tankerako dikotomia pandemikoz. Asko konforme daude, ez dut ukatuko. Eroso eta goxo nor bere habian, usteak irmo. Deigarria da zenbat hegazti klase diferentek –elkarren predatzaile izandakoak barne– hartu duten ostatu multijabetzako habia horietan baina, oro har, zorionekoak zalantzarik ez dutenak.
Beste klase batekoak ere bagaude ordea munduan. Ez dakit asko garen, edo gutxi. Dakidana da ez garela oso interesanteak, eta ez ditugula egunero bor-borrean ekoizten esaldi biribil eta dirdiratsuak. Ziurtasunek blindatutako eta arrapostu azkar eta zehatzeko izaki argitsuak ere ez gara. Esango nuke guztiz arruntak garela, ekilibrista nekatuak. Eta soka tenkatzen duten muturren artean oreka pittin bat eskertuko genukeela ere esango nuke. Sokaren zein puntutan dagoen ez, hori aurkitzea –edo desoreka kontrolatzea, zirkuko artista batek esan zuen bezala– ariketa kolektibo gisa irudikatzen baitut. Baina aurki dezagun berandu baino lehen. Ahal dela, ebidentzietan oinarrituta.