Borrar
Felix Morquecho

Erronka berri bat proposatuz jaso du Abbadia Saria Pello Jauregik

«Gipuzkoa osoa arigune, noiz?», galdetu du, eta Markel Olano diputatu nagusiak bere gain hartu du «erronka hori politikoki inkorporatzea»

Asteartea, 1 abendua 2020, 20:46

Comenta

Garai bitxiak hauek, gizarte ariketa masibo baten oinarri teorikoak jartzeagatik emandako saria publikorik gabeko ekitaldian jasotzera behartzen dutenak. Hala eman diote astearte honetan Pello Jauregi EHUko irakasle eta ikerlariari 2020ko Abbadia Saria, ekitaldi berezi, ezohiko eta mamitsuan, neurritsua izan baita ikuskizunaren aldetik, baina aberatsa eduki eta ekarpenetan.

Anton Abbadia Saria Gipuzkoako Foru Aldundiak sortua da 1996an, euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna saritzeko, eta Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruan eman ohi da. Aurtengoan, Jauregi izan da saritua, besteak beste «Euskaraldia ekimenaren teorizatzaile den aldetik, hein handi batean, euskararen hedapenerako aukera neurtezinak» sortu dituelako.

Chester erako sofa bat eta estilo bereko besaulkia aurkezlearentzat, horixe dekoratu xumea. Streaming bitartez jarraitu ahal izan da zuzenean, hasieran teknikak ezustekoren bat eman badu ere. Euskaraldiaren printzipio eta aurrekariak jaioterrian, Lasarte-Orian, egin zen esperientzia aitzindarian ezagutu zituen Estibalitz Alkorta, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria eta Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Kike Amonarriz –2015eko Abbadia Saria– eseri dira aurrena sofan.

Euskaraldia antolatzen duten eragile nagusien ordezkari gisa, zailtasunak zailtasun aurrera jarraitzen duen ariketaz mintzatu dura, alde onak nabarmenduz baina ahulguneak ezkutatu gabe. Etorkizuna ere irudikatu dute, «ulermenaren unibertsalizazioak» eta «hautu kontzienteak» beste «zelai-joko» batera eramango gaituela aurreratuz.

Alos Quartet musika taldearen doinuek eta dantza saio laburrek finkatu dituzte ekitaldiaren atal desberdinen arteko tarteak. Ikertzaile donostiarrarekin batera euskararen erabilera sustatzeko lanean aritu diren eta ari diren hainbat lagun eta adituren testigantzak ikus-entzunezko bidez zabaldu dira, baita zenbait herritarren hitzak ere. Hunkituta eta pozik entzun ditu, sofan, Pello Jauregik, eta bere ibilbideaz eta egiteko dagoenaz ere mintzatu da. Ohi duenez, zehatz eta argi.

Saria jasotzea «poz ikaragarria» izan dela azaldu du, azpimarratuta ez dela lorpen pertsonala, askoren lanaren emaitza baizik. Kezkak kezka, pozik dago halaber «azken urteetan berreskuratu dugulako pixka bat ahulduta geneukan ilusioa eta sortu ditugulako beste tresna batzuk, zabaldu zaizkigulako beste aukera batzuk». Hala ere, «euskaren normalizazioaren partida ez da hasi oraindik, entrenamenduetan gabiltza, eta ez da hasi ulermena ez dagoelako unibertsalizatuta». Bide horretan ariguneek duten garrantzia nabarmendu du, eta erronka itxurako proposamena luzatu du: «Gipuzkoa osoa arigune, noiz?«.

Pello Jauregiri saria –Xabier Anunzibai beasaindarraren 'Zaindaria' artelana– eman dion Markel Olano diputatu nagusiak bere gain hartu du «erronka horri politikoki inkorporatzea», «zer pentsatua» emango duela aurreratuz.

«Euskararen biziberritzeak bizi duen bidegurutzean, elkarlanak, berrikuntzak eta gizarte aktibazioak erakutsi behar digute iparra. Hori erakusten digu Euskaraldiak eta norabide horri eutsi behar diogu, ilusioz eta determinazio guztiz», adierazi du Olanok.

Felix Morquecho

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Erronka berri bat proposatuz jaso du Abbadia Saria Pello Jauregik

Erronka berri bat proposatuz jaso du Abbadia Saria Pello Jauregik