Hiritarrak | Eneko Garate Iturralde
«Ziklismoaren eta kirol guztien bidez Historia eta istorioak konta daitezke»Baqué Cycling Teameko kadeteen zuzendaria, Libros de Ruta-ko editorea
Kotxea Luz Saint-Sauveurren utzita, karreterako bizikletaz igo ziren Eneko eta Mikel semea Hautacamera, Tourreko 12. etapa bertan ikus ahal izateko. Patxadaz hartu zuten, karabana baino askoz lehenago (5 ordu edo), ziklistak aurretik (hiru ordu edo) eta jendarmeek bideak itxi baino lehenago iritsi nahi zutelako. Begoña emaztea eta beste semea oinez abiatu ziren. Izugarrizko etapa dastatu zuen. Pogacarrek kanibal moduan egin zuen eraso eta denak gainditu. Hurrengo egunean irratiz en-tzungo zuten, Bilborako bidean, Peyragudeseko etapa, erlojupekoa. Hantxe ere, Pogacarrek 36 segundu atera zizkion Vingegaardi. Enekok Donald McRaeren 'Golpes de esperanza' kaleratu berri du.
– 'Kanibal' hitza erabili dut sarreran, Pogacarren bizikleta gaineko izaera azaltzeko; 'Kanibal', zuk esanda. Uste nuen, baina, ziklismoan izen hori Eddy Merckxi zegokiola...
– Bai, hala deitzen zioten (diote) 'Belgikako Munstroa'ri baina nik traza hartzen diot Tadej Pogacarri. Dena irabazi nahi baitu. Niri, urte osoan zehar Tourra, Giroa edo Vuelta prestatzen dituzten txirrindulariak (Indurain, Armstrong...) ez ditut horren gogoko. Mila aldiz nahiago klasikoetan aritzen diren horiek. Pogacar horietako bat da. Pentsa zelako garaipen berea azken Dauphinen. Pentsa Milan-San Remon hirugarrena izan zela. Ez ahaztu bigarren geratu zela Paris-Roubaixen. Ez die beldurrik lasterketa arriskutsuei. Pentsa zezaken harrizko galtzadetan ('pavé'n, hots) eroriz gero, gal zezakeela Tourra edo Giroa eta ez arriskatzea erabaki. Baina ez du erabaki hori hartzen. Aldrebes baizik.
«Ordiziako kadete mailako Txapel Gorri txirrindulari proban Larraitzera igotzen dira karrerista gazteak. Txindoki mendia hain hurbil izanda, beraientzat Tourmaleta da hori. Proba horietan tropelean mugitzen ikasten hasten dira. Oraindik badute ibiltzeko modu anarkiko samarra baina politak dira proba horiek. Politak oso»
– Nabaria da gustuko dituzula asfaltatu gabeko kaminoetan egiten diren probak.
– Asko. Joandako garaietako lasterketa mitiko horien aroma, ku-tsua, estiloa gordetzen, salbatzen, babesten dutelako. Antzinako denboretan harriek gurpilak zulatzen zituzten eta karreristak berak konpondu behar. Egun, izugarria da taldeek erabiltzen eta mobilizatzen duten logistika. Askotan, F1eko boxen asuntoa dirudi. Lasterketaren puntu nagusietan mekanikoak eta laguntzaileak ditu zain txirrindulariak. Aldatuko du bertan bizikletaz edo konponduko dizkiote matxurak. Aldatu da bai logistika baina 'pavé' beti izango da pavé. Gogoko ere ditut egun bakarreko klasikoak bertan lasterketa luzeetan garatu daitekeen estrategiak ezer gutxi balio duelako. Azken-arreko xehetasuna egin nahiko nizuke, Pogacarren inguruan...
– Aurrera ba.
– Hinaultena ere hartzen diot antza.
– Bai?! Erlojupeko etapetan beste guztiak gainditzen zituen 'Kaimana' ez al zen izaera zakarreko gizona? Ez al du, ordea, askotan ematen Tadej jolasean dagoela bizikleta gainean? Ez al da tipo majoa? Badakit Bernardek 10 Itzuli Handi irabazi zituela baina...
– Ados nago zurekin baina fran-tziarrak ere erronka guztiak onartzen zituen eta aurre egin.
– Bizikleta gainean, nolakoak ditu estilo eta pedalkada Tadejek?
– Polita. Orekatua. Oso urrunetik egiten du maiz erasoa. Kristona da hori, izugarria, emozionantea.
– Zergatik?
– Askotan ez duelako inolako beharrik. Beranduago egin zezaken, arazorik gabe baina, kanibal bat izanik, ahalik eta azkarrenen nahi du bilatzen duen posizioan izan eta garaipena aseguratu.
– Sinpatiko iruditu zitzaidan Ben Healy irlandarra. 'Etapen ehiztaria' deitzen diote. Bat irabazi zuen Tourraren hasi berritan eta maillot horia jantzi.
– Ona da baina itsusia du oso pedalkada. Bizikleta gaineko estiloa ere bai. Sufrikario handian dagoela ematen du (eta hala da, jakina). Kontrakoentzako arerio handia da baina ez dut uste zikloturista batek ere imitatuko duenik bere ibiltzeko era.
– Imitatzen al dituzte (dituzue) ba zikloturistek profesionalen edo amateur onen manerak?
– Kirol guztietan bezala, ez da? Txapeldun bati edo ondo doan horri ikusten badiozu keinu berezi bat, postura bat, eskulekuari heltzeko modu bat saiatzen zara bai antzeko zerbait egiten.
– David García kazetari eta lagun Zaragozakoak eta zuk, Zarautzekoak, sortu zenuten 2013an egun ziklismo eta kirolen gaineko literaturan erreferente den Libros de Ruta argitaletxea. Zerk bultzatua?
– Afizioak eta gabeziak. Gaztelaniaz ezer gutxi zegoen. Ingelesez edo frantsesez irakurri behar izaten genituen ziklismoaren inguruko liburu ederrak. Itzultzeko otu zitzaigun. Gaztelaniara ekarri eta, eta... berriak sortuko zituzten idazleak aurkitu. Ideiak landu ere Egun, 50 liburu edo izango ditugu. Baina ez bakarrik ziklismoaz. 'Golpes de esperanza' boxeoaz da. Badakigulako kirolaren bitartez mundua azal daitekeela. Adibiderik? Genozidio ikaragarria jasan zuen Ruandan izango da irailean Munduko Txapelketa. Ziklismoarena. Ez esan hor liburu on baterako mamia ez dagoenik.