Donostiako Piratek txanda hartzeko deia egin dute
«Bakoitzak gure ekarpen txikiak eginez gero, Donostiako jai herrikoien proiektua handi egiten jarraituko dugu, milaka pertsonak goza dezagun», azaldu dute.
J. A.
Ostirala, 2 abuztua 2024, 12:39
Txupinazoarekin hasi eta Irrikitaldiarekin amaituko den Aste Nagusi Piratak egitarau oparoa antolatu du abuztuaren 10etik 18ra, hainbat kontzerturekin, gune ugarirekin eta adin guztietarako proposamenekin. Hori bai, aurkezpenetik argi utzi dute «dozenaka ekimen hauek posible izan daitezen auzolanean egiten dugu Aste Nagusi Pirata». Horregatik, pirata oro txanda hartzera deitu dute, elkarlanean arinago izan dadin.
«Lan txandak denon artean bete behar ditugulako, Donostiako koadrilak, lagunak, norbanakoak... txandetan parte hartzera animatu nahi ditugu aurten ere. Bakoitzak gure ekarpen txikiak eginez gero, Donostiako jai herrikoien proiektua handi egiten jarraituko dugu, milaka pertsonak goza dezagun», azaldu dute.
Horretarako, pasa den urtean egin bezala eta piratei ahalik eta erraztasun gehien emate aldera, txandak saretik lotzeko aukera prestatu dute. Hala, txandaren bat egiteko prest den orok webgunean eskegi duten galdetegia osatu besterik ez du. «Aukeratu ongien datorkizuna (edo badaezpada ere, bat baino gehiago, aukera gisa)», animatu dute. Ostean antolakuntza piratekin harremanetan jarrko da lan txanda zehazki zein izango den lotzeko.