Borrar
Pasa asteazkenean prestatu zuten Javik eta Unaxek oporrak hartu aurretiko azken menua. SARA SANTOS

Unax Segues Intxausti

«Garai latzetan denda txikiek lagunduko zaituzte, ez besteek»

Herrerako 'Aterpea' jubilatuen etxean badago sukalde komunitarioa

Begoña del Teso

San Sebastián

Asteartea, 12 abuztua 2025, 07:16

Comenta

Teknologia eta ekonomia eraldatzaileetan bidelagun izan nahi duen Talaios Koopeatibaren laguntzaz sorturiko basajaunelkartea.eus webean argi asko azaltzen dituzte irabazi asmorik gabeko Basajaun elkartearen amets eta helburuak: «askatasunerako sukaldatu eta elikagaien subiranotasuna lortu». Nola? «Egitura komunitarioak sortuz eta lagunduz». Horretaz mintzatu ginen abuztuaren egun batean, Paseo de los Olmosen den eraikin biribilean, San Luis Gonzaga elizaren hain hurbil. Javi Loro sukaldean zegoela, Unaxekin egin genuen berba. Beste bi izen garrantzitsu aipatu behar dugu: Errenterian, Grosen eta beste lekutan kozinatzeko eta jateko modu zahar berriak asmatu dituzten Aitor Minaya eta Xenki Berho. Hirurek daukate eskarmentu eta trebetasuna ostalaritzan, gizarte elkartetan, sukaldaritzan eta borroka anitzetan.

– Guapo, guapo oso lerrobururako eman didazun esaldia. Garatuko al dugu, faborez?

– Askotan merkataritza gunetan edo super/hipermerkatutan erosteko aitzakia bezala, prezioa aipatzen da. Esan, esaten da bertara joanez gero merkeago aterako zaizula erosketa; etxe ondoan duzun komertzio txikian, berriz, askoz garestiagoa omen da dena. Gu ez gaude ados. Batere ez,gainera. Badaude zio ugari ados ez izateko; horietako bat lerroburuan aipatutakoa da.

«Basajaun elkartea osatzen dugun eragile eta bazkideok argi daukagu: jatea ekintza politikoa da; hartzen ditugun erabaki guztiek gizarte mota batera edo bestera eramaten gaituzte; zer eta non erosi, nola sukaldatu, norekin partekatu...»

– Gaizki ari bazara pasatzen, iskineko dendakoak luzatuko dizu eskua eta ez saltokiguneko gerenteak...

– Horixe. Auzoan ezagutzen dugu elkar eta egun batean edo bolada batez ez baduzu dirurik, harakinak, arrain-saltzaileak edo okinak fidatuko dizute behar duzun hori. Aldiz, hipermerkatuetan kutxan dagoen mutilak edo neskak kobratu behar dizu, bai ala bai. Egin dezaketen gauza bakarra iraungitzear dauden produktuak kaleko edukiontzietan noiz botako duten abisatzea da...

– Askotan ezta hori ere ez. Debekua ari dira ezartzen leku askotan eta kontainerretan botatzen den guztiari benetan amaitu zaio kontsumitzeko epea.

– Hala gertatzen da maiz, bai. Guk uste, kapitalismoak berak eta elikagaien industrializazioak zapalkuntza modu bat ezarri izan dute elikadurarekiko. Horren kontra goaz gu. Ez bakarrik gu laurok. Baita gure 80, 90 bazkideek ere. Baina ez da soil-solik hori...

– Seguru ezetz.

– Herreran, Errenteria/Oreretan eta Grosen sortu ditugun sukalde komunitarioen partaide izanik, zure elikadura programatu dezakezu. Zerekin? Osasuntsuak, ekologikoak eta bertakoak diren produktuekin. Jateko prest dauden menuak jasoko dituzu astean behin edo bitan. Izango dituzu eskaintza ezberdinak. Plateren %75 eskaintza begetarianoari egokitzen bazaio ere, beti da eskaintza begetala. Eta oinarrizko 16 plater iraunkorrena ere bai, lekaleak, arrozak, pastak direla... Baina badago inkluso beste arrazoi bat Basajaun elkartearen nondik norakoa ezagutzeko...

– Zein?

– Tokiko merkataritza eta ekoizleak sustatzen dituen auzo-ekimen solidario baten parte izango zarela argi geratu dela uste dut nik baina horretaz gain, bazkideen artean erabakitzen da zer motako beste gizarte ekintzetan esku hartu nahi dugun, zein beste elkarterekin nahi dugun borroka edo bultza egin.

– Elikagaien subiranotasuna lortzeaz gain mundua eraldatu nahi duzuela dirudi...

– Bai horixe. Mundua, ez dakit. Auzoa bederen, bai. Ez dugu nahi gure kaleak, gure plazak hutsik geratzea. Lokalak ixten direnean aieneka hasten gara baina, aldi berean, hemendik ez oso urrun merkataritza gune erraldoia irekitzen denean, jendetza doa hara, ondoko denda txikiari muzin eginez. Kasu askotan jabeek hartzen dute merezitako erretiroa eta...

– Inork ez die erreleboa hartzen.

– Guk geuk bihurtu baititugu bideraezin negozio txiki horiek. Atera gara auzotik eta erosketak egin ditugu auskalo non. Are, batek daki nondik ekarritako produktuak hartu izan ditugu, gastaturiko erregaiari eta airera bidalitako isuriei erreparatu gabe.

– Emakume oso edadetuak bizitza aldatu zeniotela esan zizuen...

– Eta entzuteak poztu gintuen. Herri batean jaiotako emakume hura bueltatu zen garaian garaikoa jatera. Eta ohiko zaporeak berreskuratu zituen. Izan ere, hori da gure helburu handietako bat. Ez dugu tomaterik jango urtarrilean. Ezta marrubirik urrian ere.

– Bazkideengandik nolabaiteko ardura eskatzen da, jakina.

– Hori bai. Hurrengo asterako menuaren eskaintza aldez aurretik jasoko duzu eta hautuaren berri eman. Zero zaborrarena da gure beste xede bat. Ez dugu nahi ezer izan sobran, ustelgai. Astelehenetan sukaldatu platerak egun berean edo asteartean jaso ditzakezu. Asteazkenetan prestatzen ditugunak, egun horretan edo ostegunetan. Hona hurbildu beharko duzu. Grosen, berriz, Marruma elkartetik pasa beharko duzu. Errenterian, pasta obradoreak diren Zitueneara arrimatuko zara bila. Badakizu zer? Bazkide berriak nahi ditugu, bai baina baita sukalde berriak ireki eta sareak sortu ere. Auzoetan. Herrietan.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Garai latzetan denda txikiek lagunduko zaituzte, ez besteek»

«Garai latzetan denda txikiek lagunduko zaituzte, ez besteek»