Borrar

Zazpi ahalak

Bai horixe ·

Euskaraz ere zazpi zenbakiak badu halako esanahi zehaztugabea, nahiz eta apenas erabiltzen dugun

Osteguna, 14 uztaila 2022, 07:45

Comenta

Badira zenbaki bereziak, bi esanahi dituztenak: esanahi zehaztua eta zehaztugabea. Esaterako, euskaraz, hamaika eta bosta.

Umetan, zenbat aldiz esan ote zigun aitonak, gu zerbait jan ezik ikusita: «Hamaikak jango luke!». Ez genuen berehalakoan atzeman zer arraio esan nahi zuen 'hamaika' harekin. Halakoren batean konturatu ginen, 'hamar eta bat' ez baina, 'asko' esan nahi zuela. Makina batek jango zukeela, alegia, guk jan nahi ezik utzitako hura. Hau da, esanahi zehaztugabea zuela aitonaren zenbaki misteriotsu hark, eta ez ohiko esanahi zehaztua. Arraioa, arraiotan!

Askoz geroago ohartu ginen antzeko jokoa ematen duela bost zenbakiak ere. Noizbait ulertu genuen-eta hitzez hitz 'Agur, Zuberoa' kanta, baita bi aldiz esaten genuen 'bostetan' hura ere. Makina bat aldiz negar egin zuela, alegia, zuberotar hark herriminez; makina bat aldiz egin zuela haren bihotz urratuak hasperen.

Ordurako, ikasia izango genuen 'bost axola!' esaten, baina beste joko batez ohartu gabe. Izan ere, esanahi berekoak dira, berez, 'bost' hura eta zuberotar kantariarena; 'asko' esan nahi zuten biek. Baina axolagabearen ahotan esanahi guztiz kontrakoa hartzen du, ironiaren ironiaz: bat bera ere ez zaiola axola; hutsaren hurrengoa, alegia.

Zazpi zenbakiak ere badu bere zera, hamaikak eta bostak bezala. Nabarmena da Biblian, lehenengo liburutik hasita. Zazpigarren egunean hartu omen zuen Jainkoak atseden, sei egunetan zeru-lurrak egin ondoren. Azken liburua ere –Apokalipsia– zazpi zenbakiaz zipriztinduta dago: zazpi dira zigiluak, zazpi zaldiak, zazpi turutak, zazpiak zein baino zein misteriotsuagoak... Zorioneko zazpia!

Euskaraz ere zazpi zenbakiak badu halako esanahi zehaztugabea, nahiz eta apenas erabiltzen dugun. 'Zazpi ahalak egin' dakar Elhuyar hiztegiak: 'ahalegin guztiak egin', argitzen du ondoren. Beraz, zazpi dira ahalak, gurean.

Horren harira, merezi du kontuak gehiago zehaztea. Besteak beste, Covid-19aren zazpigarren olatuarena, eguneroko kutsatu, ospitalera eramandako eta hildako. Ez dakigu zortzigarrenik izango den, baina gure esku dago zazpi ahalak egitea, halako okerrik gerta ez dakigun. Eta kito.

Izango da, oraindik, gaitz gaizto hau zazpi axola zaionik, gero eta gutxiago badira ere. Boris Johnsoni berari ere ari omen zaizkio erronkak ahitzen. Inoiz ez da berandu. Nola ote da ingelesez 'xapi'? Eta txinoz?

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Zazpi ahalak