Zortzi urte daramatza Fundación del Español Urgente erakundeak urteko gaztelaniazko hitza aukera-tzen –eta, bide batez, bere lanaren propaganda egiten–. Lehen aldiz, 2013an, escrache hitza aukeratu zuen. Ondoren etorri ziren selfi (2014), refugiado (2015), populismo (2016), aporofobia (2017), microplástico (2018) eta emoji (2019). Urtero, hamabi hitz aukeratzen dituzte lehenik, eta haien artean egiten dute azken aukeraketa. Hitz batek hautagai izateko, bi baldintza bete behar ditu: batetik, urtean zehar nabarmendu izana komunikabideetan; bestetik, interesgarria izatea hizkuntzalaritzaren ikuspegitik –zalantzak eragiten dituelako eraketaren, esanahiaren edo erabileraren aldetik–. Iazko hitza aukeratzeko, hamabi hauexek izan dituzte hautagai: coronavirus, infodemia, resilencia, confinamiento, COVID 19, teletrabajo, conspiranoia, tiktok, estatuafobia, pandemia, sanitarios eta vacuna. Beraz, zortzi, koronabirusarekin zerikusia dutenak, zuzenean edo zeharka. Ez da harritzekoa horietako bat hautatu izana azkenean: confinamiento. Gurera etorrita, has gaitezen 2020ko euskal hitza aukeratzen, arestian aipatutako irizpideak erabiliz. 'Zaurgarri' izango genuke hautagaietako bat. Izan ere, dexente erabili ohi da iaz, idatzizko komunikabideetan. raketa aldetik, 'zauri' erroaz dago osatua. Ondo ala gaizki, ez dakit esaten, nahiz eta aukeran nahiago izan 'zaurigarri' forma, argiagoa delako. Halaxe du idatzia, adibidez, Anjel Lertxundik: «Desatsegina, zaurigarria, min egin ziguna bazter-tzen ahalegintzen gara». Arazoa, esanahiaren eta erabileraren aldetik ikusten dut. Berez, Anduren esaldi horretan duen adiera dagokio: mingarri; baina erabili, gaztelaniazko 'vulnerable' hitzaren ordainetan erabili ohi da, 'minbera' edo antzeko adieraz. Euskaltzaindiaren hiztegiak ere biak dakartza, 'zaurgarri' sarreran: 1) 'zauritzen duena, min egiten duena', 2) 'erasotzen erraza dena'. Urruti eraman gaitzake eztabaidak. Baina argibide egokia eskaini zigun Euskaltzaindiak berak 1994an, pasarte honetan (Euskera 39, 1.048. or.): «Erdal '-ble' atzizkiaren parekorik ez dugunez, asko ugaldu da azken urteetan [bigarren adiera]. Ez genuke baina ahaztu behar '-garri' atzizkiaren adiera nagusia zein izan den [lehenengo adiera]...». Eta abar. Bai. Urruti eraman gaitzake eztabaidak. Baina merezi du. Horretarako da urteko hitza. Ezta?