Jakin badakigu, gai horretan interesa dugunok, arazo bat dugula zahar egoitzekin, buelta bat baino gehiago eman behar zaiola kontuari. Baina aldez aurretik horretan pentsatu ez zuenak ere bizpahiru danbateko entzun ditu egunotan.
Publicidad
Lehena, Gipuzkoako Aldundiak egindako ikuskapena izan da, zehazki Txara I egoitzan. Zehazkiago, txostena hedabide batek plazaratu duenean. Zahar etxe hau Biharko Gipuzkoa enpresa pribatuak kudeatzen du. Bada ikuskapenean egindako txostenak dio, besteak beste, egoitzak ez duela nahiko sendagile edo erizain, ezta fisioterapeutak edo psikologoak ere. Txosten beraren arabera, egoiliarrek hamalau ordu segidan ematen dute ohean, hamalau ordu baino gehiago afariaren eta gosariaren artean.
Txostena plazaratu zenean Aldundiak esan zuen txostenak hori dioela, baina salatutako egoera ez dela ohikoa, salbuespenekoa baizik. Hori bai, azpimarratu dute erantzukizuna enpresa kudeatzailearena dela, aspaldi utzi baitzuen Aldundiak zahar egoitzen kudeaketa enpresa pribatuen esku.
Enpresa horietan lan egiten ari diren langileek plazaratu dute hurrengo danbatekoa. Hiru urte daramate egoiliarren egoera salatu nahi duen borrokan, baina enpresek ez dute amore ematen, ez dituzte langileen baldintzak hobetu nahi eta Aldundiak, berriz, adierazten du erantzuna ez dela beraiena, Poncio Pilatos gogoan.
Langileen esanetan txostenaren emaitza ia egoitza guztietara egokitu daiteke. Are gehiago, hainbat kasutan ohean emandako hamalau ordu horiek gutxienekoa omen dira. Enpresa pribatuen eskutan dauden egoitza publikoez ari gara, ez guztiz pribatu diren egoitza garestiei buruz.
Publicidad
Horrek guztiak gure gizartearen irudi itsusia eskaintzen digu. Noski, non ematen du lan gutxien egoitza horietan bizi den zahar batek? Ohean, seguru aski, ahal balitz hogeita lau orduz, baina horretarako beste bizimodu bat eraman dezaketen zaharrak ezindu bilakatu behar dira
Dudarik gabe, sakonki aztertu behar da egoitza horien antolakuntza, horretan ari dira agintariak, baina prozesu hori garatu bitartean, badago gertatzen dena hobetzeko biderik: langile gehiago, soldata duinak. Langileek baldintza duinak ez badituzte, nekez izango dute duintasunik egoiliarrek.
Publicidad
Noski, herritarrok egin dezakegu ezikusiarena, batez ere baldintza horietan bizi den hurbilekorik ez dugunok. Erraza da, aski dugu gobernatzen gaituztenen jarduna antzeratzearekin.
Bitartean, ni behintzat lotsa-lotsa eginda.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión