Urtualdia
Bai horixe ·
Mundu zaharra ur bihurtuz joan zaigu, urtu egin da, geure begien aurrean, geure baitanAdiskidea eta adinkidea dut. Erdalduna. Urte gutxi daramatza Euskal Herrian. Hitz gutxi batzuk ikasi eta egiten ditu euskaraz, baina erdaraz moldatzen gara elkarrekin. Lehengo batean zer eta «somos de la generación del deshielo» bota zidan. Nirekiko itzuli nola edo hala eta mundua konpontzen jarraitu genuen.
Pixkanaka jabetu nintzen zer esan nahi zuen esaldi horrekin. Duela urte batzuetatik hona, sarritan irakurri dugu 'modernitate likidoa' esaldia. Zygmunt Bauman soziologo eta filosofoak (Polonia, 1925-Erresuma Batua, 2017) moldatu zuen, gaurko gizartea erretratatzeko.
Sendoa zen gure aurrekoen gizartea, balore sendoetan oinarritutakoa, horma tzarra bezain sendoa, balore sendoen ispilu. Itxuraz, behintzat. Baina hori dena urtuz joan da. Agian, erlijioaren gainbehera da horren erakuslerik nabarmenena. Gure aurrekoek bazuten zertan sinetsi, zeri heldu, non oinarritu. Heldulekurik gabe dago gaurko gizartea, ur bihurtu baitira sinesmen eta balore zaharrak.
Eta gizarte zaharraren eta berriaren artean gaude gu, XX. mendearen erdialdean jaiotakook. Ez ginen Parisen 1968ko maiatz hartan, baina gertu-gertutik bizi izan genuen han gertatutakoa, nahiz eta mila kilometrora egon. Gizarte zaharra pitzatzen hasia genuen inguru guztian, horma eta izotz tzarra urtzen hasia.
Ondo ezaguna genuen mundu zaharra. Hala, serio asko bizi izan genituen garizumak, bijilia eta barau, eta musika-plazak igande eta jai-egunetan ere isilik, musika-tresna guztiak mutu, dantza guztiak izoztuta.
Baina hura guztia ur bihurtuz joan zaigu, urtu egin da, geure begien aurrean, geure baitan.
Gaurko eguna –apirilak 1– gehienontzat horixe besterik ez da izango: apirileko lehen eguna. Gutxi batzuentzat Ostegun Santu ere izango da. Eta guk, urtualdiaren belaunaldikook, Zozomikoteen erdian gaudela gogoratuko dugu agian eta kontakizun zaharrak dioena berrituko: neguko izotzen eta elurraren urtzeak zeinen ustekabean harrapatu zuen artzain gizajoa eta nola itota eraman zion artalde osoa.
Urtutakoa ondo urtua omen dago. Joanak joan. Jaiotako guztiak behar omen du hil, Bizia agerian gera dadin. Bizitzaren aurkakoa omen da heriotza; ez Biziaren aurkakoa. Eta, horren harira, aro berri bezain itxaropentsu baten atarian omen gaude. Halaxe esan zidan irribarre baikorraz adiskide erdaldunak. Nolabait ulertu niolakoan nago. Eta poliki itzuli dudalakoan.