Las diez noticias clave de la jornada

Unduan gertatzen dena

BAI HORIXE ·

Sare sozialek lapurtu diete erdigunea lehen nagusi ziren hedabideei

Notizi batzuk airetik heltzen zaizkizu, inolako hedabiderik gabe. Agian jatorria hedabide batean dute, baina notizia den hori batere interesatzen ez bazaizu ere, jakitun egiten zara. Ogia erostera zoazenean, autobusaren ilaran edo kiroldegian heltzen zaizu agian ez notizia bera, baina bai berriaren oihartzuna. Horrela jakingo duzu nork irabazi duen azken futbol partida mundiala edo norekin ezkondu den Erresuma Batuko printzeetako bat.

Publicidad

Horixe gertatzen da sare sozialetan sortzen diren zurrunbiloekin, sareetan parte hartzen ez baduzu ere enteratzen zarela, hedabide arruntek aspalditik islatzen dutelako sare batean edo bestean gertatzen dena. Gero eta gutxiago saltzen omen diren egunkari arruntek aspaldi irentsi zituzten hedabide espezializatu batzuk, ezbehar eta erailketak plazaratzen zituztenak, adibidez, eta irentsi ez, baina kronika arrosak aspaldi kolonizatu dituzte egunkariak, are serioenak.

Beste batzuetan indusketak egin behar dituzu interesatzen zaizun zerbaiten arrastoa aurkitzeko. Kezkatu eta guzti egingo zara, pentsatuz arraroa zarela, inori interesatzen ez zaionaren bila ari zarela. Norbaitek erabaki behar du zerk duen interes orokorra eta zerk ez, zeri eskaini behar zaion bozgorailua eta zer isilarazi behar den, zer moteldu. Eta erabaki horren arabera aurkituko duzu bilatzen duzuna, ala ez.

Herri mugimenduetan dabilenak ondo asko ikasi du hori. Errazago lortuko du oihartzuna norbaitek sare sozial batean esan edo idatzi duen txotxolokeriak edo hango edo hemengo printzesa batek jantzi edo erantzi duenak. Nonbait, era horretako notiziak lotzen dituzte elkarri bizkar emanez bizi diren mundutxoak. Hainbeste komunikazioren artean, gero eta zailagoa da ondo informatua egotea.

Dirudienez, kirolak batzen gaitu, futbolak batez ere eta horrekin batera kronika arrosak famatu edo sasi-famatuen bizitzen gora-beherek eta azken etorriek, sare sozialek. Lehen egunkariak irakurtzen ez zituena ez zegoen ondo informatua, ez zekien zer ari zen gertatzen munduan. Gaur, sare sozialek lapurtu diete erdigune hori lehen nagusi ziren hedabideei.

Publicidad

Sare sozialen berri ez duenak ez omen daki zer gertatzen den munduan, ez zara inor sare sozialetan «atsegin dut» ugari lortzen ez baduzu, jarraitzaile andana ez baduzu, aldekoak nahiz gorrotatzaileak. Edo hori pentsatzen eta esaten du gazte askok. Horra handitzen ari den belaunaldien arteko beste arrakala bat.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad