Txintxorik txintxoena
Bai horixe ·
Edozein atakaren aurrean, txintxo jokatu behar dudala bururatzen zaitAgindu nagusi bat bete behar genuen txikitan, mila agindutan banatzen zena. Txintxoak izan behar genuen. Edonon, edonorekin eta beti. Eta niri behintzat ulergarria iruditzen zitzaidan, txintxotasunak betebehar nagusia zuelako: obedientzia. Helduek esandakoa bete behar zen. Azken batean, txintxo eta obediente gauza bera baitziren. Ez zen hain zaila. Ikasi genuen, adibidez, ezaguerara heldu aurretik, gauza batzuk etxerako zirela eta ezin zirela handik kanpo aipatu. Zigorrik gabe ikasi ere.
Eskolan mojari obeditu behar zitzaion eta nota onak atera behar genituen, kalean edozein helduri obeditu behar zitzaion, etxean etxekoei, doktrinan katekistari, aitorlekuan apaizari. Hori zen txintxo izatea eta gu, hemendik begiratuta, santutasunean kokatzen ginen edo agian, santukerian zuzen zuzenean.
Eta halere, Eguberriak hurbiltzen zirenean, Errege Magoak zerumugan azaltzen zirenean, errepikatzen ziguten txintxoak izan behar genuela, horren araberakoak izango zirela jasoko genituen opariak. Gero, agian panpina bat eskatu edo baloi bat (besterik ez) eta Errege egunaren goizean zapataren gainean ohar bat ikusten genuen. Bertan esaten zitzaigun hurrengo urteraino itxaron beharko genuela, txintxo izanda ere, ez zegoela oparirik guretzat. Gutxienez, ez ziguten sekula ikatzik ekarri.
Hor ikasi nuen txintxotasunak ez zuela eraginik oparietan. Berrekiten genion ikasturteari eta guk baino nota okerragoak zituztenek, gu bezain obedienteak ez zirenek, are lotsagabe huts zirenek, guk baino opari gehiago jasotzen zuten. Eta, halere, ezbehar horrek ez zuen, niretzat behintzat, txintxotasunaren indarra ahuldu. Lasaigarri gertatu zitzaidan Erregeen artean ezkutatzen zenaren berri izatea.
Hamarraldiak pasa ziren txintxo izatea zer den berraztertzera ausartu nintzenerako. Hamarraldiak eta bizitzak bidean jarritako bizpahiru pertsona eraginkor.
Lehia, ordea, ez da bukatu. Edozein atakaren aurrean txintxo jokatu behar dudala bururatzen zait lehenik, haurtzaroan bezalaxe. Joera horren kontra hautsi izan dut araua txintxo izateari uztea erabaki ondoren, kostata.
Hori izan da pandemiaren hasieratik bertatik hartu nuen erabakia: ni, behintzat, txintxo eta obediente. Txertoa jarri behar dela? ilaran zain. Muxukoa jantzi behar dela? aurpegi estalia. Harremanak gutxitu behar direla? Barrutegiko mojen pare.
Hori bai, ez nago Erregeek edo Olentzerok ekarriko didatenaren zain.