Tanatoria elkargune

Nik aurkitu nahi nuke denok, herri moduan, elkartzen gaituen elementu bat

Rufino Iraola
RUFINO IRAOLA

Joan den ostegunean, tanatorioko eguna izan genuen, Migel Etxeberria koinatuaren inguruan. Egunaren joanean irudi asko geratzen da buruan, nahiz eta denbora puska bat behar den joaten diren familiakoak eta ezagunak agurtzen. Migeli familiakoek eskelan ipini zioten poematxo parafraseatu hau gogoratu nahi nuke lehenik: Pendizeko segari, /lurrean nekazari, / burdin haria iruten /bere lanean irauten gaztetan ikasia.

Langile porrokatua zen. Baserritarra, ez izatez bakarrik, baita bokazioz ere. Fabrikan erreleboa amaitu eta hutsik egin gabe joaten zen Ariola jaiotetxera, ia-ia azkenera arte. Hango ardi, behi, behor eta gainerakoak gobernatzera, gauza izan zen arte, eta gero kontenplatzera. Baserrirako bokazioa ondorengoei ere transmititu die Migelek.

Tanatorioan ordu batzuk igarotzen badituzu era askotako jendea ikusiko duzu: zaharrak, helduak, gazteak, gizonezkoak, emakumezkoa, herritarrak, gaztetako lagunak, fabrikako lagunak, ofizio batekoak eta bestekoak... Denak, zeinezkorik gabe, Migeli azken agurra ematen. Jende plurala ikusi nahi baduzu, joan tanatoriora edo hileta-elizkizunera. Eskelak bazuen bigarren poematxo bat (Leterena parafraseaturik):

Non hago, zein larretan,/ Ariolako artzaina, /Kizkitza aldetik gora,/ Betikoaren ondora, /ametsetan joan haizena? Eta seguru nago hara joan zen jende guztiak izango zuela bere abestia Migelentzat. Edo abestia ez bada, beste zerbait. Izan ere, desberdin pentsatzen dutenen eta desberdin sinesten dutenen elkargunea ere bada tanatorioa. Bizitzan bakoitza bere aldetik, oso bere aldetik, ibiltzen gara, gremiotan edo konpartimendu estankoetan banaturik bezala: futbolak elkartuko ditu batzuk, beste batzuk ziklismoak, hurrengoak politikak... Horrela, talde bat bizi daiteke bere aldetik, beste talde batekin inolako harremanik gabe. Nik aurkitu nahi nuke, zatiketa guztien gainetik, denok herri moduan elkartzen gaituen elementu katalizatzaile bat. Esate baterako, nork ukatuko dit, Bilbon, Atletic katalizatzaile izugarria dela? Ideologia guztien gainetik Katedralean bilbotar guztiak batzen dituen 'erlijioa' deituko nioke nik.

Batzuen iritziz, hipermerkatua da gaur egun dena. Hipermerkatua da herriko plaza, eliza, azoka, taberna, erromeria, liburutegi, harategi, arrandegi eta nahi dituzuen 'tegi' guztiak. Beraz, hipermerkatuan dago herria. Baina nire intuizioak eta senak esaten didate tanatorioa dela, egun, 'benetako herria' elkartzen den tokia.

 

Fotos

Vídeos