Borrar

Pilota biribila da

Bai horixe ·

Badakigu orain ez dagoela garai bateko konturik eta pilotaren merkatua asko jaitsita dagoela

Miércoles, 19 de diciembre 2018, 23:11

Comenta

Ez naiz pilotan entenditua, horregatik dakit bihotzarekin juzgatzen. Hori bai, aspaldiko pilotazalea nauzue, Azkarate, Garcia Ariño, Ogeta, Atano X.a, Tapia, M. Vergara eta abarren garaietatik hasita. Barberito eta Soroa ezagutu nituen frontoian, Arriaran anaiak ere bai. Besteak beste, gogoan ditut Ogetaren ezker gantxoa eta F. Tapiaren bi pareta famatuak. Azkeneko hori komentatua dut Fernando zenaren seme Fernandorekin, sare sozial batean lagunak izaki.

Afizionatuetan ere pilotari sail handia izaten zen, eta ez gaztetxoak bakarrik, baita pilotari helduak ere. Badirudi, orain, azkarrago debutarazten dietela. Nire irudipena da asko eta asko debut 'komertzialak' direla. Eremu guztietako gaitza sartu da frontoian ere. Esan nahi dut etengabeko berrikuntza eta nobedaderik gabe ez duela ezerk funtzionatzen. 'Erabili eta bota', klinesak bezala, bihurtu zaigu dena, eta pilotarena ez da salbuespena.

Pilotari gazteak aurkitu behar dira, frontoira jende berria ekarriko dutenak, eta hori lortzen da pilotari berriei debutarazita, baina kontura gaitezen gero eta denbora gutxiago pasatzen dugula pilotari-sorta berriak 'erretzen': lehen, dozena bat urte behar baziren horretarako, orain dozena erdi batean edo gutxiagoan kentzen dira zirkuitutik bat baino gehiago, eta badira azken momentuan kanpaiak salbatuak; esate baterako, Peñagarikano bere garaian eta L. Galarza oraindik orain. Beste batzuk kanpaiak ere ez ditu salbatu, David Merinoren kasua lekuko.

Azken kasuak edo artikulu hau eskribitzeko bide eman didatenak Aitor Irusta eta Iñigo Martinezenak dira. Batak lau urte daramatza profesionaletan eta besteak bi, eta biak etxera laster. Jokin Errastik joan den larunbatean telebistaz esan zuen moduan, merezi al du bi urterako bakarrik debutatzea? Badakigu orain ez dagoela garai bateko konturik eta pilotaren merkatua asko jaitsita dagoela. Gaurko onenek, adibidez, Altuna eta Olaizoak 60 partida inguru jokatuko dituzte 1918an; maila horretako pilotariek, lehen, ehunetik gora pasatuko ziren.

Badira, bai, konponbide zaileko arazoak, baina hurrena esatera noana konponbide errazekoa da. Galdera moduan formulatuko dut: erretiratzeko orduan zergatik ez dira pilotari guztiak berdintsu tratatzen? Esaterako Xalak, Gonzalezek, Beroizek, Zubietak, Merino anaiek... ez al zuten merezi beste despedida modu bat? Enpresa eta pilotariaren arteko gorabeherak hor konpon, baina zenbait kasu publikoarentzat oso itsusia izan da.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Pilota biribila da