Pandemiaren amaiera
Bai horixe ·
Gaixoari zer bururatuko esatea eta «Hau da marka, hau! Pandemiaren amaiaren kutsatu beharra ere!»Gipuzkoako ospitale batean gertatu berria da. Martxoaren hasieran, larrialdi-zerbitzuan. Ez nintzen bertan, zorionez. Baina bertantxe egokitutako osasun-langileari entzun diot kontatzen, barruko amorrazioa baretu ezinik.
Lau egun omen zeramatzan gaixoak etxean, buruko eta giharretako minez. Baina sintoma arinak, eta etxean geldirik, minek berez alde egingo ziotelakoan. Azkenean, ordea, joan da gaixoa –gizonezko gaztea, hogeita gutxi urte– ospitaleko larrialdi-zerbitzura. Eta larrialdi zerbitzuan, antigeno-testa egin diote eta positibo eman du. Eta, «positibo» entzun orduko, gaixoari zer bururatuko esatea eta «Hau da marka, hau! Pandemiaren amaieran kutsatu beharra ere!».
Elkarri begira geratu omen ziren mediku eta erizainak, sinetsi ezinik: pandemiaren amaieran? Urtebete luzea daramate malkoak ikusten eta malkoak irensten, eta apenas duten ja ezer esateko. Pandemiaren amaieran?
Bihotzez eskertu nion kontatu zidanari, eta berriro polikiago kontatzea eskatu nion. Asko estimatu nion kontatu zidana, baina gehiago kontatu izana. Izan ere, begiratua galdua dutela ikusten ditut urtebete honetan ospitaleetan lanean dabiltzan medikuak eta erizainak. Zeure aurrean egongo dira gorputzez, baina burua beste nonbait dutela sumatzen dituzu.
Iruditzen zait horrela –begiratua galdua zutela eta burua urrun– itzuliko zirela gerran ibilitakoak ere. Ikusi zutena sinetsi ezinik eta –ia okerragoa dena– kontatu ezinik. Gerratik –heriotzaren eremutik– itzuli ezinik.
Beste mediku bati atera nion, hari ere mingainetik tirata: bi mundu zeharo ezberdinetan bizi direla iruditzen zaiela. Medikuengatik eta erizainengatik ari zen. Beren burua ezinean ikusten dutela ospitalean. Astuna eta itoa egiten zaiela barruko giroa, eraman ezina. Kanpora irtetean, berriz, dena arina dela sumatzen dutela, ezer gertatuko ez balitz bezala. Barruan, pandemiaren amaiera sumatu ezinik. Kanpoan, bihar bertan bukatzera balihoa bezala.
Munduko txertorik onenak izango dira AstraZeneka, Pfizer, Janssen, Sputnik V eta beste guztiak. Baina salbazioa ez zaigu kanpotik etorriko. Geurea da azken hitza, baldin eta azken hitzik badago. Joka dezagun poliki. Poliki, bi zentzuetan: txukun eta astiro. Goazen poliki, presa dugu eta. Ez gaitezen pandemiaren amaieran kutsatu. Pandemiak noizbait amaiera izan dezan. Osasun-langileak gure mundura itzul daitezen.