Las diez noticias clave de la jornada

Nolakoak garen

BAI HORIXE ·

Uste nuen bestelako jarrera izango genuela euskal herritarrok pendemiaren aurrean

Nork bere irudia du inguruan duen jendeari buruz, izan familiakoak, adiskideak, langileak edo herritarrak. Esango dugu «horrelakoak gara gure etxean» edo «gure herrian honelakoak gara» edo «hori ez da hemen gertatzen». Jakin badakigu orokortzen ari garela eta orokortasun guztiak orokorkeria bilaka daitezkeela, baina maila horretan zilegi iruditzen zaigu, balekoa.

Publicidad

Norberaren irudi hori aldakorra izan daiteke, iritzi bat duzu gaur, bestelakoa zenuen iaz. Baina, ahal dela, eutsi egiten diogu irudi horri, zenbat eta hurbilago pertsona edo taldea, orduan eta gehiago eutsiko diogu dugun irudiari, gero eta gehiago gotortuko dugu irudia, horretarako seinale ezkorrak baztertu behar baditugu ere. Zerbait gustuko ez badugu, salbuespenen zakura botako dugu.

Gutako bakoitzak modu batean irudikatzen du gure herria. Batzuentzat jaioterria dago eta hurrengo pausoa mundu zabala da. Beste batzuek sorterria hartzen dute kontutan, baina baita eremu zabalagoak ere, lurraldea, herria, nazioa. Norbaitek galdetzen badizu nolakoak garen euskaldunok, berehala botako dituzu hiruzpalau esaldi, nekez erantzungo duzu beste guztiak bezalakoak garela.

Eta, noizean behin, duzun irudi hori kolokan jarriko duen zerbait gertatuko da. Niri pandemiarekin gertatu zait hori. Tristuraz esan behar dut uste nuela bestelako jarrera izango genuela euskal herritarrok izurritearen aurrean, norberaren interes edo gutizien gainetik jarriko genuela osotasuna, taldea, komunitatea. Erkidegoa.

Bai, badakit usteak erdia ustel duela eta erdi horrekin konforme nengoke. Baina gure portaera ez da erdi horretara heldu, ezta laurdenera ere. Azken urte eta erdian egunero irentsi behar izan ditugun zenbakiek argi asko frogatzen dute ez garela nik uste bezalakoak eta ez hori bakarrik, uste nuena baino okerrago jokatu dugula pentsatzen dut, geurekoikeriaz. Libra nadila ni eta hortik aurrerakoa hor konpon.

Publicidad

Izugarria izaten ari da pandemiaren eragina eta oraindik ez dakigu noraino helduko diren kalteak, ezta pandemia noiz bukatuko den ere. Agintariek, hangoek eta bertakoek, hobeto egin zezaketen eta horrek gehitu egin du herritarron pisua. Ibai nahasia, arrantzaleen irabazia. Tabernak zabaltzearen aldeko oihuak anbulatorioetako kontsultak zabaltzearen aldekoak baino ozenago entzun ditugu. Aipa dezaket beste hainbat arrazoi.

Baina errealitatea hauxe da: oker nengoen, ez gara nik uste bezalakoak.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad