Borrar

Mandala

Bai horixe ·

Unibertsoaren eta naturaren antolaketa fraktala irudikatzen du, den guztiaren batasuna, armonia eta mugagabetasuna

Osteguna, 11 otsaila 2021, 07:31

Comenta

Lotsa ere ematen dit aitortzeak. Ikasi berria dut zer den mandala. Inoiz ez omen da berandu ikasteko.

Hil zaio lagun bati ama, joan natzaio lagunari hitz batzuk esatera, eta honek amaren oroigarri bat eman. Alde batean, amaren aurpegi irribarretsuaren argazki handia; beste aldean, marrazki polit eder bat eta azpian etxekoen hitz sentituak.

Eta, oroigarriko marrazkia ikusten ari nintzela, semeak: «Amak berak pintatutakoa da mandala. Asko pintatzen zituen. Hirurogei bat koaderno aurkitu ditugu etxean. Artista zen». Semearen poza, amaren oroitzapenak berrituz.

Gogoan hartu nion 'mandala' hitza. Lehendik ikusiak nituen antzeko marrazkiak, eta gutxi gorabehera jabetu nintzen zer diren. Baina, etxera etorri bezain laster, internetera jo nuen oinarrizko argibideen bila. «Irudi sinboliko espiritualak dira, makrokosmos eta mikrokosmosei buruzkoak, budismoan eta hinduismoan erabili ohi direnak» irakurri nuen. Eta hantxe zetozen dozena-erdi irudiri begira gelditu nintzen. Bai. Lehendik ikusiak nituen antzekoak. Baina, aukeran, ederragoa zen lagunaren amak kolorez antzaldatutakoa.

Interneten jarraitu nuen bila. Sanskrito hizkuntzatik omen dator 'mandala', eta 'zirkulua' esan nahi omen du. Unibertsoaren eta naturaren antolaketa fraktala irudikatzen omen dute mandalek; eta den guztiaren batasuna, armonia eta mugagabetasuna adierazten horrela. Adibidez, antolaketa fraktala omen dute brokoliak, garoak, ekiloreak eta barraskiloen oskolek... Horien argazkiei begira egon nintzen. Hurrengoan, benetako bat parean egokitzean, eskuetan hartu eta poliki-poliki aztertuko dut.

Urrutira joana nintzen hitzen eta irudien hegaletan. Lagunak emandako oroigarriak ekarri ninduen lurrera. Igualekoak, lehengoen aldean, hildakoen oraingo oroigarriak! Beltzak izan ohi ziren lehengoak, luto iluna zeriela alde guztietatik. Kolorerik ez zaie falta oraingoei; are gutxiago biziaren jariorik. Negu beltza eta udaberri argitsua!

Oroigarrien apalean utzi nuen lagunaren amarena. Eta azken begiratua eman nion interneti. Beti gaude garaiz ikasteko. Mandala-marrazki asko aurkitu nituen sarean, pintatzeko prestatuak. Bakarren batzuk jaitsiko ditut, harrigarrienak, eta pinta ditzaten emango dizkiet bilobei.

Udaberri-kolorez antzaldatuko dute negu beltza. Eta guztion ondare izango ditugu aurretik joandakoek utzi dizkiguten oroitzapenak.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Mandala