Borrar

Letra larritan

Bai horixe ·

Berriro ere zulora goaz. Egoera honek badu erremediorik; baina, martxa honetan, guk ez

Osteguna, 4 martxoa 2021, 07:08

Comenta

Eta, bat-batean, berriro ere eskola ematen irudikatu dut neure burua. Sartu naiz ikasgelan, agurtu ditut hamaika-hamabi urteko neska-mutilak eta, lanean jarri aurretik, Goierriko emakume baten benetako istorioa kontatu diet.

Ba omen zen Goierrin emakume bat, Bixenta izenekoa, irakurtzen jakin ez eta egunkariak ikusi zalea zena. «Orain ere gertatu da, ba! Orain ere gertatu da!», esaten omen zuen, lehen orrialdean izenburuak letra larri-larritan ikusten zituen bakoitzean. Nolakoa letren tamaina, halakoa ezbeharra. Ia beti asmatzen omen zuen. Irakurtzen ez zuen jakingo, baina bai egunkariek ziotena igartzen eta iragartzen.

Eta gaurko lana zein izango zuten esan diet neska-mutilei: biharko egunkariaren lehen orrialdea osatzea, izenburu nagusitik hasita. Horretarako, albisteak biltzen eta aukeratzen hasi gara.

Jakina, Covid delakoa beste gairik ez dute aipatu ikasleek. Txertoak, zaharren egoitzetako egoera, ospitaletako ZIUak nola dauden..., eta egoera hobetzen ari dela. Horraino, denak bat etorri dira, baina inork ez du izenbururik aipatu.

Orduan, Aste Santuko oporrak aipatu ditu ikasle batek, eta hor bota du biharko egunkariaren izenburu nagusia zein izan daitekeen ere: «Badatoz oporrak, presta ditzagun motxilak». Izan ere, badela garaia albiste onak lehenengo orrialdean ateratzeko. Asper-asper eginda gaudela betiko kontu ilunekin, eta abar.

Buruaz baiezka ari zirela ikasle batzuk, mutiko batek eskua jaso eta ezetz, bera ez dagoela konforme. Egoera oraindik larria dela, eta hobe dugula izenburu hori geroagoko uztea. Ez bagara kontuz ibiltzen, berriro ere zulora goazela. Eta, dena biribiltzeko, zer esango eta egoera honek baduela erremediorik; baina, martxa honetan, guk ezetz. Heldu baten hitzak ziruditen. Etxean entzunak izango ditu.

Eztabaida bizia sortu da ikasgelan. Eztabaidaren erdian, neska batek hartu du hitza: ea zergatik ez dugun Goierriko Bixenta ere aipatzen lehen orrialdean. Hark ere merezi duela izenburu bat. Gainera, emakume langilearen eguna dela datorren astelehenean.

Azkenean bideratu ditugu lanak. Hasteko, lehen orrialdeko izenburua: «Badatoz oporrak, goazen poliki». Ondoren, Bixentarena. Azken orrialdean ipiniko dugu. Osorik eskainiko diogu orrialdea, izenburua letra larritan duela: «Bixenta, gaur kazetaria izango litzatekeen emakumea». Eta nire esku utzi dute haren argazkiren bat bilatzea.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Letra larritan