Borrar

Kopetazimur

Bai horixe ·

Honezkero, bi urte luze eta gero, iritsi zaigu aurtengo Euskaraldia ere bai, euskararen bultzagarri

Osteguna, 17 azaroa 2022, 07:09

Comenta

Badakit ez dela itxurazkoa: mundu erdia, ahobizi; beste erdia, belarriprest; eta ni hemen, kopetazimur, kezkatuta. Baina okerragoa da itxurak egiten ibiltzea. Ez nator, noski, ez inoren festa zapuztera, ez erruak leporatzera, ez errudunak izendatzera, ez Inkisizioa berpiztera. Guztiz alderantziz. Onez onean jardun nahi dut, euskararen mundua atseginagoa izan dadin denontzat; baita adinean aurrera goazen euskaldun zahar erretxinontzat ere.

Belarrierne naiz urte osoan; audiofonoari esker, zoritxarrez eta zorionez. Zoritxarrez, gorra naizelako; horrek mugatu egiten nau eguneroko bizitzan. Zorionez, askoz ere mugatuago biziko nintzatekeelako, aparailu txiki eta harrigarri hau gabe.

Audiofonoari zor diot hitz, hots eta musikaren munduan ere bizitzea. Eta gero eta audiofono hobeak egiten dituzte, gainera. Duela hogeita hamar urte, auzo guztiak jakiten zuen noiz pizten nuen telebista. Orain, aldamenean eseritakoek ezer aditu gabe eduki dezaket piztuta, niretzat bakarrik. Horri esker, lasai entzun ditzaket entzun beharrekoak, nahiz eta tarteka esaldi kezkagarriak ere aditu behar izaten ditudan.

Honezkero, bi urte luze eta gero, iritsi zaigu aurtengo Euskaraldia ere bai, euskararen bultzagarri.

Ez. Inoiz ez dut halako esaldi itxuragabekorik aditu. Larriegia izango litzateke horrela balitz: 'honezkero', 'eta gero' eta 'ere bai' horiek, hirurak batera, zein baino zein ernegagarriago. Baina, banaka, iristen dira gure belarri erneetara. Tarteka eta soltean. Eta guri ere itzuriko zaizkigu noizean behin, beharbada. Oraindik ez baita sortu euskaldun perfekturik.

Euskaldun berriei erraz barkatzen dizkiegu horrelako irristadak. Barkaezinagoak dira, ordea, euskaldun zaharron ahotan; eta are barkaezinagoak, euskaldun profesionalen ahotan. Euskal telebistakoez ari naiz.

Datozen egunetan ere saiatuko naiz Euskal telebista pizten. Egunero emango digu Euskaraldiaren berri. Horretarako sortu zen: euskararen alde egiteko. Horrexegatik, utz iezadazue bi hitz esaten Euskal telebistako kazetariei eta, euskararen izenean.

Erraz saihestu daitezke aipatutako irristada ernegagarri horiek. Benetan eskertuko genizueke saihestea; oraingoz, hiru horiek, besterik ez. Gutxienez, bihartik abenduaren 2a arte, Euskaraldiak iraungo duen bitartean. Gero gerokoak. Goza itzazue gure belarriak. Eta leundu gure kopeta. Badakizue eta. Eskerrik asko.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Kopetazimur