Konplexu dezentez
Bai horixe ·
Ni gizakiaren antzekoa naiz: harri berean behaztopa egiten duen animalia bakarraEz da erraza gaurko gizartean zenbait gairi buruz konplexurik gabe idaztea, bereziki erlijioaren inguruan. Nik etxean bertan daukat lehenengo filtroa: «hoi zeinek entenditzea uste dezu? Ez al dao beste giaik?» Baina etxetik kanpora ere ez naiz salbatzen: «hie euskerea bate'e ez diat entenditzen!» Badira bestelako kasuak ere, zorionez. Badira nire euskara ondo konprenitzen dutenak. Pena da, baina 2019an, honezkero, Euskal Herri osoa egon beharko zukeen alfabetatuta. Zenbait erraz justifikatzen da esanez euskara txarra erabiltzen dugula, baina, segur aski, gaian dago problema.
Ni gizakiaren antzekoa naiz: harri berean behaztopa egiten duen animalia bakarra. Joxe Mari Aranaldek esan ohi zuen Xalbador mintzo zela Jainkoaz Jainkoa modan ez zegoenean. Niri ere horrelako zerbait gertatzen zait: erlijioaz mintzo naiz, erlijioa txakurraren salara bidalia denean. Gainera, kontrarioak ez dauzkat erlijioaz ahantzi direnen artean bakarrik, baita erlijiosoen artean ere. Anekdotatxo batekin amaituko dut paragrafoa: aurreko larunbat batean, Iruñean izan nintzen hileta-elizkizunean. Sermoi bikaina egin zuen apaizak (ez esan dena kritikatzen dudanik). Esan zuen ez zuela hark inoiz inor ikusi Jesus kritikatzen, Eliza kritikatzen bai, eta, bere esanean, arrazoi handiz.
Ez gara bizi erlijioen garaian. Baina horrek ez du esan nahi erlijioak itzaltzen direnean espazio hori hutsik geratuko denik. Espiritualitateak hartuko du erlijioaren tokia. «Ze umekeriak esaten dituzuen -erantzun zidan aurrekoan apaiz batek-, erlijioa eta espiritualitatea bi gauza diferente balira bezala!» Ez da denbora asko horretaz ohartu naizela, baina nik gaur hala uste dut. Mariá Corbí filosofoaren hitzak aldatuko ditut hona: «Bizi espirituala, gizakiaren biziaren nolakotasun eta kalitatea, gure barne bideen transformazioa, isiltasun-bizitza... erlijiotik kanpo garatuko dira. Zientzia, filosofia, moralitatea, kohesio kolektiboa, artea... libratu dira erlijioaren eskuetatik. Orain giza kualitatearen txanda da, gure aurrekoek espiritualitatea deitzen zioten horrena».
Bakarren batek esan dit erlijioak eta Elizak lehen ere izan dituztela krisiak. Ez gaitezen engaina: horrelako krisirik sekula ez da izan, lehenera itzuliko ez den krisia da hau, eredu berri baten sorrera. Aldaketak zenbaiti bertigoa ematen dio. Bada, nik diotsuet aldaketan egon dela nire heldutasuna eta oreka psikologikoa, oraindik lanean jarraitu beharko badut ere.