Itxurakeria omen
Kontatzen dizute itxurakeria dela nagusi sareetan oporrak erakusterakoan
Ikusten dituzu, han eta hemen, leporaino betetako jatetxe eta tabernak, are sarreran ilara luzeak dituztenak eta irakurtzen duzu ostalari batzuen esanetan jendeak gero eta gutxiago gastatzen duela bertan, eguerdirako bokatak aukeratzen dituztela edo supermerkatuan erositako janariak, aldez aurretik pintxo pare bat jan ondoren.
Ikusten dituzu milaka pertsona kaleetan, denak mugikorra eskutan, agian sareetan zerbait argitaratzeko bila, turistez jantziak eta irakurtzen duzu dendariek esaten dutela, jende asko eta erosle gutxi. Ikusi bai, begiratu ere bai, baina patrikan duten txartelari eragin gabe.
Aulki batean eserita zaudela entzuten dituzu neskamez jantzitako bi emakume gazte berriketan eta entzuten duzu jabeek udaran etxe deitzen duten horren baldintzak zeinen txarrak diren. Batek esaten du bere amak baldintza hobeak dituela Hego Amerikako herriska hartan, hori bai, berak hemendik bidaltzen dion diruari esker. Udako etxeak itoginak dituela, hezetasun izugarria, are labezomorroak. Kalean aberats, etxean pobre, erantzuten dio lagunak.
Aipatzen diozu zure ohiko supermerkatuko kutxazain ezagunari kanpotarrez josita dagoela denda eta kontatzen dizu baietz, hala izan dela uda osoan, baina gero eta marka zuri gehiago erosten dutela udatiarrek, Sahararako edo Lesboserako janari bilketetan jendeak erosten dituen produktu berdinak.
Eta kontatzen dizute era guztietako sareak oporretan dagoen jendez josiak daudela, erakuskeria dela amankomunean duten puntua, nabarmena dela hori urte osoan, baina udan areagotu egiten dela joera. Hori horrela balitz, lasai, izurritea azken ordutan dago, laster itzuliko gara geurera, gure ohiko on edo txarrera.
Tristura eta etsipena zerion udaren bukaera aipatzerakoan lagun irakasle batek esan zidanari. Hasieran aurretik oihan zabala duzula pentsatzen duzu, esan zidan eta abuztua bukatzen ari denean berriz ere basamortuaren atarian zaudela egiaztatzen duzu. Eta bai, ezagutzen ditut urtean zehar daramaten bizimoduarekin konforme xamar daudenak, are egunerokoan zorion izpiak aurkitzen dituztenak, edozein lanbidetan, baita irakaskuntzan ere.
Udan gure kaleak betetzen dituzten horietako batzuk irakasleak izan daitezke, basamortuaren atarian daudela jakinda ere ordaina opor egun horietan bilatzen duten pertsonak. Turistak gaitzespen puntu batekin begiratzen dituztenek ere turista izan nahi lukete, agian turista izango dira epe laburrean.