Barenboim-Said
Israel eta Palestinaren auzi zaharrean egon da ekintzailerik bakearen eta bizikidetzaren bideak urratze aldera
Daniel Barenboim orkestra zuzendari ospetsua Buenos Airesen jaio zen. Judutarra da, nazionalidade bat baino gehiago dauka (israeldarra ere bai), eta munduko leku askotan bizitu da (gaur egun Berlinen). Edward Said intelektual ospetsua Jerusalemen jaio zen eta Nueva Yorken hil. Palestinarra zen. Jaio zenean, Palestina britainiarren menpe zegoen, eta Israelek ez zuen existitzen. Ume zela, pairatu behar izan zuen 700.000 bat palestinarrek bere lurra utzi behar izatea (Nakba deiturikoa) 1948ko arabiarren eta israeldarren arteko gerraren testuinguruan. Barenboim eta Said lagunak ziren, eta israeldarren eta palestinarren arteko bizikidetza bultzatzeko nazionalitate bietako gaztez osatutako West-Eastern Divan Orchestra taldea sortu zuten. Barenboimek makina bat kontzertu eman ditu orkestra horrekin. Gaur egun, orkestra horrek eta zenbait kultura-ekintza antolatzen dituen Barenboim-Said fundazioak Sevillan dute egoitza. Barenboimi nazionalitate palestinar honorifikoa eman zioten 2008an.
Egoerak okerrera egin du harrez geroztik. Israeldar gizartearen zati handi batek estremismora jo du, eta gehiengoaren borondatearen emaitza da Netanyahu buru duen koalizio-gobernu ultranazionalista eta kolonizatzailea. Gobernu horrek eta OLPko buruzagien ustelkeriak ito eta indargabetu egin dute Zisjordaniako zati batean gobernatzen duen Autoritate Palestinarra. Gazako palestinarrak, berriz, sufritzen dituzten baldintza jasanezinen ondorioz erradikalizatu egin dira, eta oso muturrekoa den Hamas talde islamistari eman diote agintea. Bi estatuen, Israel eta Palestina, soluzioa hilda dago. Paradoxa oso krudela da Hamasek hildako eta bahitutako batzuk soluzio horren eta bakearen aldeko aktibistak izatea. Israeldar gobernuaren ekintza kriminalek, berriz, oxigenorik gabe utzi dituzte bakerako bideak urte askotarako.
Hamasek ez du apenas apoiorik gobernu arabiarren aldetik. Egipton legez kanpo dagoen Anaia Musulmanak taldearekin zuen harreman estua, eta orain Qatar eta Iraneko agintariekin. Israel apoio oso gutxirekin geratu da Nazio Batuen asanbladan. Nagusiki, AEBren babesa du, gehi Europako estatu batzuena (Erresuma Batuek eta Alemaniak bat egin dute Netanyahurekin, alemanek nazien Holokaustoak eragindako errutasun sentimenduagatik seguruenik). EB noraezean dabil. Bere goi-arduradunek jarrera desberdinak azaldu dituzte. Israelek NBE eta bere UNRWA agentziaren aurka ekin du. Testuinguru ikaragarri honetan, Barenboim eta Said asko beharko genituzke, baina ezkortasun ilunenak agintzen du.