Las diez noticias clave de la jornada

Gazte ginen, gazte

Bai Horixe ·

Ez gara gazteak, baina gazte itxurari indar osoz eusten diogu

Badago idatzi gabeko lege bat gure gizartean pertsona helduok ia ehuneko ehunean betetzen duguna: ahalik eta itxura gazteagoa izatea da betebeharra, bakoitzaren nortasun agiriak dioenari itxuraz urte batzuk ken-tzeko ahalegina nahitaezkoa da.

Publicidad

Ez da beti horrela izan. Duela mende erdira arte, bizitzaren gailurra helduaroa zen eta gazteok ikasleak ginen, osotasunera heltzeko falta zitzaiguna osatu behar genuen kimuak, aprendizak. Eta sasoi urrun hartan gazte horrek hainbatetan pertsona helduago baten itxura antzeratu behar izaten zuen, seriotan hartua izango bazen. Heldua ez zena heldugabea zen, gordina.

Gero, 1968. urte mitikoaren inguruan, teoria iraultzaile bat asmatu zen, atzerrian sortua eta berehala gureganatua, arrakasta izugarria izan zuena eta oraindik indarrean dagoena. Bizitzaren gailurra gaztaroa zen, hor lor-tzen zuen pertsona batek distirarik handiena eta hortik aurrera hasten zen heriotzarainoko aldapa behera, handik aurrera denak egiten zuen okerrera, galbideraino. Guztiontzat baina, bereziki, emakumeontzat, guretzat gaztetasuna ez delako, soilik, legea, dogma baizik.

Geroztik, idatzi gabeko derrigorrezko lege horren arabera, guztiok gaude gaztetasuna antzeztera behartuak, ez dadin igarri aldapa beheran abiatu garela, amildegia hurbil dugula. Ez dakigu noiz arte den bat gazte, noiz hasten den helduaroa. Baina jakin badakigu ez garela gazteak eta, beraz, gazte itxurari indar osoz eutsi behar diogula, hunkigarri gerta daitekeen irrikaz, batzuetan irrigarrikeriaraino.

Esaiozu edonori, duen itxura duela, bere nortasun agiriak dioena baino gazteago dirudiela eta hortik aurrera hainbat gauza gertatuko dira. Lehena, esandakoa sinetsi egingo duela, bigarrena gorazarre gisa hartuko duela entzundakoa eta, hirugarrenik, etxekoei eta ingurukoei kontatuko diela gertatutakoa, etxera edo lagunartera heldu bezain laster. Gaur esan didate nire semearen andregaia nintzela uste zutela edo bilobaren aita nintzela. Gaur esan didate denbora ez dela niretzat pasatzen, deabruarekin hitzarmena egin dudala.

Publicidad

Norbait lausengatu nahi baduzu, esaiozu ezin duzula sinetsi duen adina daukanik, zuk gutxienez hamar gutxiago ematen dizkiozula. Hortik aurrera xamurrago egingo zaizu bidea, errazagoa onarpena, zure alde jarriko duzu bestea, arerio nahiz adiskide. Ez dugu hil nahi, baina ez dugu zahartu nahi eta hori erabat ezinezkoa denez, gutxienez antzez dezagun gaztetasuna.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad