Las diez noticias clave de la jornada

Gauza erabaki

Bai horixe ·

Zer helduleku geratzen zaigu, zer irtenbide, armen eta gerren indarkerian sinetsi nahi ez dugunoi?

Euskal esamolderik harrigarrienen artean, apenas izango den 'gauza erabaki' baino harrigarriagorik. Hain garamatza urrutira, bai espazioan eta bai denboran; eta, aldi berean, hain zaigu gertuko!

Publicidad

Hasteko, Iparragirreren «Tolosan behar dala gauza erabaki» hura gogorarazten digu. Baina horrek XIX. mendera besterik ez garamatza eta etxean bertan uzten gaitu. Gero, 'gauza' hitzak latinezko 'causa' duela sustrai jakiteak, bai, urrunago garamatza, baina ez hain urrutira ere. Benetan urrutira eraman, umetan ikasi genuen istorio biribil hark garamatza. Noraino eta Israeleraino eta Kristo aurreko 1000. urteraino.

Bi ama joan omen zitzaizkion goiz batean Salomon errege jakintsuari justizia eske, haur banarekin, bata bizirik zutela eta bestea gauez hila. Eta bakoitzak kontu bera Salomoni: bizirik zegoen haurra berea zela, eta hildakoa bestearena. Eta auzia –gauza– erabaki zezala. Orduan Salomonek, ezpata hartuta, bizirik zegoen haurra erdibitzera zihoala, haurraren benetako amak...

Umetan, istorio horren eskutik ikasi genuen zein jakintsua eta zuhurra zen Salomon hura. Geroxeago ikasi dugu Israelgo tradizioa zela jakintsua eta zuhurra; baina ez Israelgoa bakarrik. Izan ere, oso hedatua zegoen mundu zabalean lege zuhur hura.

Auzietara joaten zirenek auzia sortu zuen gauza epaileari aurkezten ziotenean, honen egitekoa omen zen gauza zaintzea eta legearen arabera erabakitzea norena zen gauza. Eta legeak omen zioen ez zuela balio gauza ebaki eta erdibana egitea. Alegia, gauza ebaki gabe erabaki behar zela auzia.

Publicidad

Horrek guztiak asko laguntzen digu kontu batzuk argitzen. Lehenik eta behin, bat eta bera zirela aspaldiko hasiera hartan 'causa' eta 'gauza'; eta, horrekin batera, auzia erabakitzea zela eta dela 'gauza erabakitzea', beti ere gauza osorik –umea bizirik– utzita.

Mereziko luke aztertzea zenbat hizkuntzatan dagoen, oraindik ere bizirik, usadio zuhur horren arrastoa. Agian, ukranieran eta errusieran ere bai.

Ameskeria izango da hitzen indarrean sinestea. Baina zer helduleku geratzen zaigu, zer irtenbide, armen eta gerren indarkerian sinetsi nahi ez dugunoi?

Publicidad

Lehen ere baliatu izan dut zutabe honetan 'gauza erabaki' esamoldea. Eta beldur naiz ez ote dudan berriro ere erabili beharko, irakurlearen aspergarri. Baina ezinbestekoa zaigu gogoratzea nora goazen, baldin eta nondik gatozen ahanzten badugu.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad