Hiztun apainak
Enplegu publikorako hautaketa prozesuan bihotzarekin hitz egiten jakitea eskatu beharko lukete. Baietz, Rufino?
Martiri erromatarraren omenez jarria dago San Rufino eguna otsailaren 28an. Izena entzunda, ordea, gu Zaldibiara goaz. Iraolatarregana, hain zuzen ere. Ez dakit gure Rufino santua izango zen ala ez baina hark ere ikasgaia utzi zigun gure artetik joan aurretik. 'Bihotzarekin hitz egin' izenburupean idatzi zuen orriotan bere azken zutabea duela sei urte. Argi zeukan, nonbait, artikuluaren titulua, azken mezu bat utzi nahiko baligu bezala. Akaso lidergoa, komunikazioa, teknologia berrien ezagutza eta taldean aritzeko gaitasuna bigarren mailan utzi beharko genituzke enplegu publikorako hautaketa prozesuetan, Rufinori kasu pixka bat egiteko. Jaurlaritza etorkizuneko langileen profila birpentsatzen ari den honetan, beharbada garaiz gabiltza irizpide hau hausnarketan sartzeko. Hauxe idatzi zuen: «Nik bihotzarekin 'pentsatzera' gonbidatzen zaituztet. Bihotza buruaren gainetik dago, bihotzaren desirak nobleak dira; bihotzean dago estetika, sentiberatasuna, kariñoa... Burua erasokorra da; bihotza, amodioa. Buruan dago arrazoimena, bihotzak arrazoimenaz handiko gauzak atzematen ditu».
Langile publikoen gaitasun profesionalak indartu nahi dira, «administrazio berritzaileago, malguago, dinamikoago eta euskaldunago» baterantz urratsak egiteko, Jaurlaritzaren arabera. Helburu duinak denak ere. Bihotzak ez al luke kurrikulumean tokitxo bat izan behar herritarrei zerbitzua emateko? Iraolak azken bertsoa zaindu zutenei eskaini zien. «Nire atzetik prozesioan mediku ta erizainak/dudarik gabe guztiak ere profesional bikainak:/bata euskaraz, bestea erderaz guztiak hiztun apainak/hoientzat ez du sekula izango hitz txarrik nere mingainak». Horiek behar ditugu bada, hiztun apainak.
Ñabardura bat besterik ez. Aurreratu digutenez, edukiak buruz ikasteak garran-tzia galduko du. Auzia ez dago, alabaina, gaia barneratzeko erabilitako moduan, memoria elikatzeko erabilitako edukian baizik. Ez baita gauza bera mendien eta erreken izenak errenkan errezitatzea –zeresanik ez erregeenak– edo esanahi mamitsuko bertso bat barneratzea. Betiere mezua aberatsa bada, behiek belarrarekin nola, geronek hala egitea ez dugu kaltetan: lehenengo irentsi –ezer ulertzen ez badugu ere–, gero bota, ondo murtxikatu eta berriz barrura. Hala ikasi beharko genituzke maisu handien lanak. Memoriz goitik behera. Basarriren hau, esaterako: «Esaidazute: gaurko gizonak bere talentua nun du?/Argia bada, erakusteko ez al da iritxi ordu?/Txarturik dagon mundu zabal au nola demontretan ondu?/Gu, euskaldunok, lau katu izan ta ezin gera konpondu». Gasteiztik ala Ezkiotik joan ere ez dakigu. Eta Zaldibiatik? Bihotzarekin poltsikoarekin baino gehiago hitz egingo bagenu...