Secciones
Servicios
Destacamos
Sagardotegian gehiegi ordaintzen al dugu? Baserri ekoizleko nagusiak ezetz esango du eta bezeroren batek, aldiz, baietz. Eztabaida genezake. Larregi eskatzen ari al dira Hezkuntza publikoko sindikatuak? Guztiok betetzen dugun diru zaku horretatik irakasleei zenbat bideratu zehaztea hain erraza ere ez da. Burokrazia eskaera demasa egiten al zaie festetako txosnei? Iritzi kontrajarriak aurki genitzake, zentzuzkoak gehienak. Nolanahi ere, kasu guztietan gehiegikeriak zantzu negatiboa du: neurri justuaren aurkari da. Diru edo ospe gehiegi ere komeni ez direla erakutsi digute. Haatik, zenbait ondasun, pisura erosi edo saldu ezin daitezkeenak, ez dira sekula tamainaz kanpo egongo, ez gaindimentsionatuko. Esaterako, aitona-amonak ez ditugu sekula gehiegi maiteko. Gure ongizatea borrokatu duten agureak ez ditugu inoiz gehiegi errespetatuko. Baina, hara non, haiek bizi diren egoitzetako langile publikoei «euskara gehiegi» eskatzen diegu, epaitegien arabera, non eta Eibar, Irun, Oñati, Bergara eta Tolosan.
Hamaika ikusi eta entzun zituen Uztapidek ez zuen euskararen aurkako oldarraldi judiziala ezagutu, bai bestelako bidegabekeriak. Haren mezuak ez du indarrik galdu. Epaile, legegile eta agintariei ez die kalterik egingo bertso berri hauek irakurtzea, biharko egunez duela 116 urte jaio zen Endoiako semeak jarritakoak:
«Itz bi eitera abiatu naiz gogoz ta sutzu barendik/ gure euskera altxa nayian al baliteke iñundik/Sare polit bat zabaltzea noa Ebro aldera Irun'dik/arrai aundiyak arrapatzeko andikan edo emendik/oitura onak pixtu leizke ta oyen laguntzaz oraindik»
«Gure jauntxo askok ez dute maite beren euskera, baterez:/gertaera ontan sentzurik duna egon liteke negarrez/Pentzatzen nago au nola leiken baña ulertzen ez da errez/Nere esanaz ori zaitezie gabaz ezpada egunez:/Bide okerrez zuazte eta jarri zaitezte zuzenez».
«Euskalerriko sonbrerodunak ez utzi galtzen euskerik/orren lekuan sortuko eztata obeagorik besterik:/laguntza eske biotz besuak dauzkagu zabal-zabalik,/gure aldera datorrenari jokoyou txalo berorik,/ diru apur bat badakar berriz eztiyou eingo negarrik».
Bide batez, hara hor Euskaraldiaren muina: bertakoen ohitura aldaketa eta kanpokoei harrera abegikorra. Jolasaldi edo parrandalditik harago eramaten badugu, etorriko da eraginkorraldia.
Ez daukat ezer askorik gehitzeko. Uztapide sentitzen dut begira, koinatu hiztunari bezalaxe niri ere kargu hartzen: «Zaude pixka batean isilik, dakizuna baino gehiago ere esan dezu ta». Gehiegi, hori seguru.
Biharko partez, zorionak, Manuel.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Encuentran a una mujer de 79 años muerta desde hacía varios días en su domicilio
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
No te pierdas...
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.