Borrar

Euskal kantuen mezua

Aste honetan ere mingainek hitz egin dute, ez begiek, eta horrelakoetan gertatu ohi zaidanez, ez dut ezer ulertu

Gaizka Lasa

San Sebastián

Viernes, 2 de mayo 2025, 02:00

Atsegin dut begiekin mingainarekin baino lehenago hitz egiten duen jendea. Sinesgarritasuna adierazten dit batetik, distira estetikoa oparitu bestetik. Heldutasunean murgildu ahala, gehienok gaitasun hori estaltzeko joera dugu, biluztasuna jantzi nahi bagenu bezala. Lastima. Bizitzak arre ala so egin, begitarteari berdin-berdin eusten dioten horiek fidatzekoak ez direla entzun nion aitona analfabeto baina jakintsu bati. Tolesgabetasuna, gardentasuna, benekotasuna, xalotasuna... ez nuke jakingo nola deitu, baina ikusterakoan erraza da oso antzematea, nahita ere ezin baita ezkutatu halako komunikazio iturri freskoa.

Aste honetako agintarien agerraldietan haren falta sumatu dut, hala nola Pedro Sánchez edo lehendakariak herritarroi helarazitako mezuetan. Esandakoari buruz ez diet asko ulertu ez batari ezta besteari ere, baina are eta hotzago utzi nau haien espresioak. Pradales jaunak, esaterako –arestian aipatutako aitonari ere entzun nion kritika egitekotan, gertukoenei egin behar zitzaiela–, «ziurgabetasun orduak» eta «deseskalatze fasea» aipatu ditu zirkinik ere egin gabe.

Irati Goikoetxeak atzo zutabe honetan bertan maisuki iradoki zuen: «Argiak atximur egin zigun astelehenean». Izan ere, zimiko bat ez da, berez, larria. Inor zauritzeko ahalmenik ere ez du, baina bai edonor haserrearazteko, suspertzeko edota erne egonarazteko. Nolanahi ere erreakzio azkarra eskatzen duen ekintza bihurria da. Bada, ez dut nik behintzat ikusi inongo diskurtsoetan barru-barrutik ateratzen den neurri zuzentzailerik, eta mingainek (aholkulariek) hitz egin dutenez begiek baino gehiago, auskalo zer esan nahi izan diguten.

Mezuak doinu egokia behar duela ondo dakite artistek. Antton Valverdek, adibidez. Itzalaldiaren astean jakin dugu Xabier Leteren lagunak jasoko duela 2025eko Adarra Saria. Donostiako Udalari eta Donostia Kulturari iristen zaie, nonbait, argia hautaketa egiterakoan. Bejondeiela. Hala dio Anttonen euskal kantuen mezuak: «Doinu zahar baten inguruz dator euskal kantuen mezua/Hitz eta doinu, bi-biak dute osatzen gure salmua/Herri-kantuen aide artean ikusi nuen mundua;/ipuiak ziren edo kondaira edo-ta frutu santua/Haien oihartzun eraginzalez erein zidaten barrua». Eta nik buruan bueltaka darabilkit oraindik ere lehendakariaren salmua, eta nola ikusi behar ote genuke mundua... albistegietako zuku santua; azken finean, nola asetu barrua.

Barkatu nire itzalaldia. Valverdek Leterengana narama eta maiatzaren lehenak langile baten semearengana. Hortaz, «norbaitek esango balu hobe nukela joatia, neri berdin zait zuek hemen ta ni hor egotia».

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Euskal kantuen mezua