Secciones
Servicios
Destacamos
Ditxosozko trena une batez bederen burutik kendu nahian nabilela, Alvia zaharrean Iruñera bidean, Iban Zalduaren ipuin liburua irakurtzea okurritu zait. Zer da eta patuaren kontua pagatu behar! Ipuingintzaren dodekalogoarekin hasi eta hauxe aurkitu dudala, alegia: «Literatura jostailuzko tren bat balitz, burdinbide zirkularrekoa izango litzateke ipuina; nobela, ordea, lerro zuzenekoa (baina hasiera eta amaiera jakinik gabea). Dena dela, kontua, hala batean nola bestean, lokomotora ez deskarrilatzean datza». Nahiago nuke trena literatura jolasa balitz, pentsatu dut nire artean, Zalduarena zilipurdikatuz. Eta egiari zor, hala izan da. Nor ez da igaro triki-traka trika-traka zubitik barrena Martuteneko trenean?
Dena den, Imanol Urbietak jolas iturri izan zuena bertsotan ere jorratua zuen ordurako Txirritak. Eta serio arraio. Ez da nolanahiko tramankulua trena. «Modu horretan jarri zuenak Norteko ferrokarrilla/jakinduria haundia zuen, entendimentu abila;/gizonik ezin hasi liteke zaldi hobearen bila:/goizean irten Irundik eta iluntzerako Madrila». Gaur ere antzeko gabiltza, Joxe Manuel. Zuk, aitzitik, ederki antzeman zenituen garraio bide honen abantailak. «Eseri-alki ederrak eta beste gauza bat on-ona:/ezertarako behartzen bada kotxe bakoitzak komona;/lehengoan hantxen ikusi nuen larogei urteko amona,/frantses euskaldun buru-zuri bat, Bentaberriko Moñoña». Bien bitartean, gu lehiakortasunaren zurrunbiloan galduta, nondik igaro ere ez dakigula. Onena, Ezkio mapan behintzat jarri dugula.
Batzuen eta besteen adierazpenek, Nafarroa eta Araba aldetik iritsitakoek batik bat, agerian utzi dute, beste behin, agintarien liskarrerako joera. Kontua da Javier (Hurtado) eta Ramón (Alzorriz) izenak dituztela ahotsa azkenaldian gehien altxa duten horiek, gizonezkoak biak ala biak. Martxoaren 8aren bezperan akaso testosteronarik gabeko deklarazioak aldarrikatu beharrean gaude, feminismoaren izenean nahi ez badugu eraginkortasunarenean.
José Manuel Ugalde bertsolari andoaindarrak eman zigun gakoetako bat. «Erri koskor batian/juan dan igandian/itzal ederra zegon belaz batian;/lau atso ari ziran gogotik musian/berak nai zutelako, amar erregian/eta aldamenian botilla betian/orbelan tartian/preskatu artian/pakiak egiteko asarretzian». Bazekiten nonbait haiek haserrea etorriko zela eta, hala ere, aurrera egin beharra izango zela. Elkar konpondu beste erremediorik ez zegoela.
Badute zer ikasi trenaren auzi hau kudeatzeko ardura dutenek. Bentaberriko Moñoñan inspiratu daitezela.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
El mejor restaurante de comida sin gluten de España está en Valladolid
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.